"Lehen sektoreko unitateen produkzio sare osoa lotu dugu"
Venezuelako lehen hiri komunaren proiektua zabaltzeko, eta ideiak nahiz jakintza partekatzeko eta hausnartzeko helburuarekin iritsi da Euskal Herrira El Panal 21ko bozeramailea.
Demokrazia Komunalaren aldeko Sare Internazionalaren parte den Bor-bor hausnarketa kolektiborako Bidasoko plazak gonbidatuta, asteartean hitzaldia eskaini zuen Hazia kultur elkartean Robert Longak. Caracas mendebaldeko (Venezuela) Barrio 23 de Enero auzoko El Panal 2021 hiri komunako bozeramailea da. Egun, 6.000 pertsona, hau da, 2.000 familia bizi dira El Panal 2021eko 10 hektareatan. Herrialde Katalanetan ibili ondoren, Euskal Herrian izan da.
El Panal 2021 Caracaseko hiri komuna bat da. Zer da hiri komuna bat?
Hiri komuna gisa definitzen da, 2021ean Venezuelan erregistratzen den lehen komuna delako. Caracasen mendebaldean dago, Barrio 23 de Enero auzoan. Normalean, komunek produkzio sistema baten pean funtzionatzen dute, ekoizpen sistemak aldatzeko eta hiri komuna mantentzeko, gizarte ekonomiatik sortzen den ekoizpen bitartekari izatearen logikari jarraiki. Guk truke sozialerako txanpon bat atera dugu, ekoitzi egin dugu, ehun produkzioa eta azukre paketagailua dauzkagu, animalia proteina sortu dugu… Honek guztiak hautsi egiten du eskema batekin. Izan ere, normalean hiri eremuan hirugarren sektorea garatzen da, hau da, ekoizpen katean bukatutako produktuekin egiten da lan. Guk landa eremuko lehen sektoreko unitateen produkzio sare osoa lotu dugu. Hiriburuko kontsumorako lehengaia mobilizatu dugu, banatu, eta eraldatzeko plana garatu. Ondasun eta zerbitzuei eusteko logikaz gain, kontsumitzailearen ekoizpen logika ere izan dugu presente. Gaur egun, jauzi bat egiten ari gara gure garapen bankua sortzeko, industria komuna eta barruti ekonomiko gisa.
Hugo Chavezek «en comuna se vive mejor» esaten zuen, eta gu komunen autogobernuan gabiltza, ez daramate logika anarkiko bat. Boterean herriaren garapen politikorako plan bat dago, gertu egoteko aukera ematen duena, subjektua ez duena kosifikatzen. Harremana subjektua da, eta komunitateak eginkizun pisutsua du.
Aurretik Herrialde Katalanetan izan zara, eta orain Euskal Herrian. Zein helbururekin etorri zara?
Adierazi nahi nuke maitasun militante asko jaso dudala bai Herrialde Katalanetan eta bai hemen. Nire hemengo egonaldia gonbidatuengatik izan da kudeatuta, eta laguntza iraultzailea, elkartasuna eta herrien xamurtasuna jaso ditut. Europan ibilbide bat egiten ari naizen lehen aldia da, eta asmoa izan da Venezuelako komunen eredua erakustea, gutxi gorabehera.
Gure ustez, gure gobernuak, gure proiektu politiko iraultzaileak, Hugo Chavez Rivasen gidaritza izan zuenak eta orain Nicolas Madurorena, iraultza defendatu du, erresistentzian izan da, eta Venezuelako herria defendatu du zigorren eta blokeoaren artean, modu eredugarrian gainera. Oraingo kapitulu honetan uste dugu chavismoaren oinarriak erakustera irten behar garela, eta aurkeztu behar ditugula hiri komunetan egin ditugun dinamikak: zein izan den gure irakurketa herri eraikuntzari dagokionean, hegemonien aurkako demokrazia parte hartzailetzat definitu dugunaren bitartez.
Tokiko gobernuek ibilbide honetan berreskuratu nahi izan duguna izan da truke tekniko eta produktibo bat, burujabetza, kooperatibismoaren ariketa osoa, ekoizpen indarren ariketa historiko guztia, baita birziklatzearen eta ekoizpen teorikoaren gai guztiak ere. Jakina, lurralde hauetako aurrekari historikoak entzun ditugula, borroka horiek nola askatu diren, baina jakina denez, gure gobernuak printzipio bat du herrien autodeterminazioari dagokionez.
Elkartrukea oso nutritiboa izaten ari da, oso preziatua guretzat, sintesi bat egin ahal izateko gure komunan zer aplikatu erabaki bidean. Ziur naiz Venezuelako komunetan egon diren euskaldunek ere aplikatzen dituztela hemen han ikasitakoak.
Lehen sektorea hirira eraman duzue. Proiektua zein puntutan dago?
Kanpora etorri gara Venezuelari buruz esaten den horren txanponaren beste aldea erakustera. Hemen birziklapenari buruz asko ikasi dugu, eta oso aberasgarria izan da. Katalunian energia berriztagarrien esperientzia ezagutu dugu, eta asko gustatu zaigu. Euskal Herrian kooperatibismoari buruz ikasi dugu Hernanin, feminismoaren estruktura kooperatiboak ezagutu ditugu, adibidez.
Gure ustez, kapitulu bat egon behar da non ariketa horiek ez diren turismo iraultzaile komunaleko ariketak izango soilik, lurreratuko diren egitasmoak baizik.