Lanean segitzeko asteburua du Txingudi Errugbik
Zaisa Txingudik ligako bigarren itzulia etxean hasiko du La Unica Bren aurka eta Biok Txingudik Mungia eta Getxoko jokalariek osatutako Neskak Loratzen taldea izango du aurkari
Bi partida baino ez zaizkio geratzen Biok Txingudiri ligako lehenengo fasea bukatzeko eta txapelketarengatik lehiatzeko aukerak oraindik eskura ditu. Zortzigarren dago sailkapenean Bidasoko taldea 21 punturekin, Arrasate-Eibar B zazpigarrenarekin berdinduta eta Elorrio-Urgozo seigarren sailkatutik 3 puntura. Fase hau bukatuta, lehenengo sei sailkatuek Euskadiko txapelketa eta Ohorezko B mailara igotzea izango dute jokoan.
Horretara iristeko, Biok Txingudik ezinbestekoa du larunbatean 12:00etatik aurrera jokatuko duen norgehiagoka irabaztea. Pasa den astean Logroñon garaipena lortu zuten blokeari Maier Aia gehituko zaio, sorbaldako lesio batetik errekuperatu ondoren.
Lehenengo itzuliko akatsak ez errepikatzeko prest
Zaisa Txingudik La Unicaren bigarren taldearen aurka jokatuko du larunbatean ere 16:00etatik aurrera. Beltz eta zuriek denboraldia kaxkar hasi zuten baina, pixkanaka, hobera egin dute txapelketako lehenengo zatia 3 garaipen eta berdinketa batekin amaituz. Iruñean jokatutako partidan, nafarrak jaun eta jabe izan ziren eta ez zuten errukirik izan Txingudirekin.
Egun horretako emaitza, 69 eta 10, ez dator bat gero bi taldeek erakutsitako mailarekin, bi taldeen artean 5 puntuko ezberdintasuna baitago sailkapenean, iruindarrak hirugarren eta mugakoak laugarren sailkatzen direlarik.
Aurten ere, ligako txapeldunak Euskadiko lehenengo mailara igoera zuzena lortuko du eta bigarren sailkatuak igoera play offa jokatuko du.Taldeak ez du porrotik bizi Plaiaundin denboraldi honetan eta ildo berean jarraitu nahi du.
Gipuzkoako selekzio gazteak, lanean ere asteburu honetan
Lurraldeko mutilen 13 eta 14 urtez azpikoak eta nesken 15 eta 18 urtez azpikoak selekzioak martxan izango dira ere egun hauetan.
Emakumezkoenei dagokienez, Murtziako selekzioaren aurka partida bana jokatuko dute Eibarren. 15 urtez azpikoak larunbatean 13:30etan hasiko dute lehia eta, bertan, Txingudiko hiru jokalari izango dira: Helene Tristan, Paula da Purificaçao eta Greta Gutierrez. 18 urtez azpikoak, bestalde, igandean arituko dira 10:00etatik aurrera eta Bidasoko bost jokalari sartu dira deialdian: Aitana Garrido, Gaia Morris, Lohitzun Aia, Luma Altube eta Maider Diaz.
Gizonezkoen taldeei dagokionez, igandean entrenatuko dute Mutrikuko San Migel zelaian. Deialdi honetan, zazpi jokalari bidasoar daude: Giovani Ciurar, Oihan Etxebeste, Galder Eizagirre, Urtzi Arrieta, Justin Duarte, Jonathan Guerrero eta Mattin Petrikorena.