"Zahartzeko modu desberdin bat asmatzen ari gara"
‘Azken etxea’ lanean zaharrez aritu da Urretabizkaia, eta zahartzaroan ere aukeratzeko eskubidea izatea aldarri du. Jaizkibel konpainia eta Txaranga Urretabizkaia ere izan ditu hizketagai.
2023ko Euskadi Literatura Saria jaso berri duzu euskarazko narratiba hoberena izateagatik. Zer da zuretzat horrelako aitortza bat jasotzea?
Sariren bat irabazteko itxaropena banuen, hau da, Euskadi Saria irabazi nahi nuen. Lehen aldiz Alardeari buruzko liburuarekin irabazi nuen, baina saiakera atalean. Esan izan didate narratibaren atalean behin baino gehiagotan izan naizela finalista, baina orain irabazi egin dugu eta poz handia da niretzat.
Donostia Hiria Kutxa Saria ere jaso zenuen duela bi urte, eta ibilbide bati aitortza egin zitzaion. Ibilbidearengatik sariak ematea ez dira hitz oso potoloak?
Durangoko Azokan iazko sariaren irabazle Jose Angel Irigarairekin hitz egin nuen badirudiela gizarteak esaten dizula egin beharreko guztia egina daukazula, eta orain deskantsatu eta sariak jaso behar ditugula. Nik ez dut nire ibilbidea bukatutzat ematen. Azken etxea sari hau Kutxarena eta gero atera zen, eta espero dut azkena ez izatea.
Azken etxea liburua orain bi urte argitaratu zen. Bi urte hauetan zer jaso duzu?
Ez dakizu sekula zer harrera izango duzun. Agian beste ofizio batzuetan pentsa daiteke gauza bat ondo egin baduzu hurrengoa ere ondo egingo duzula, baina hemen ez da horrelakorik. Aurrekoak ez dizu apenas ezertarako balio. Liburua kaleratu bezain laster beti duzu larridura hori. Jaso nituen bizpahiru kritika baikor, eta horrekin kito esan nuen. Nola edan aurretik urdailean zerbait jatea komeni den? Bada urdaila asentatua neukan eta nire buruari esan nion «Betor datorrena. Nahikoa». Gero, egia esan, satisfazio handia eman dit liburu honek. Tartean, 111 Akademiaren Saria. Sari horren emaileak irakurleak dira, eta niretzat irakurleak sakratuak dira.
Zein mezu zabaltzen da zahartzaroaz?
Dudarik gabe denoi heltzen zaigun mezu garbia da «zuk orain deskantsatu», eta inork ez du zugan edo zugandik espero deskantsua ez den ezer. Deskantsatu eta disfrutatu. Hori bai, erabakiak hartzen diren tokitik kanpo, hau da, bazterrean. Benidormen edo Peñiscolan nahi gaituzte deskantsatzen, ahotsik gabe. Besteek esaten digute badakitela zer den behar duguna, eta beraiek hartuko dituzte guri dagozkigun erabakiak. Eta hori hausten ari da. Adibidez, pentsioen igoeraren aldeko borrokak urteak daramatza, eta ahots bat dugu horren inguruan. Guk erabakitzen dugu zein pentsio nahi dugun, eta nola zahartu nahi dugun; ez zuek erakundeek edo seme-alabek. Hori ere beste kontu bat da. Seme-alabek ere, kasu askotan, bultzatzen zaituzte gizarteak bultzatzen zaituen leku berera: deskantsatzera. Nik ez dut oraingoz deskantsatzeko asmorik, aizu.
Ez delako berdina erretiratzea edota jubilatzea, ezta?
Zahartzeko modu tradizionala desagertu da aspaldi, ia erabat. Nik ez daukat ezer horren bila jardun nahi duenaren kontra, baina orain zahartzeko modu desberdin bat asmatzen ari gara. Zantzuak daude, arrastoak daude, agian ez oraindik eredu orokor bat, baina aldatu egin da. Agian aldaketarik handiena zahar tradizionala, gure buruan dugun zahar hori, irakasteko dagoen norbait dela da. Hori modu dotorean esanda. Modu arruntean esanda txapa sartzeko bizi den norbait da. Ea belarri bat non dagoen, noiz jarri inguruan txapa emateko gaztaroari buruz. Baina orain zahar askok ikasi nahi dute; zahar tradizionalak ez zeukan ikasteko ezer, irakastea zen haren lana. Ni, adibidez, zaharra naiz, baina sentitzen dut irakasteko ezer gutxi daukadala, baina ikasteko pila bat, eta ez naiz bakarra.
Familia estruktura hegemonikoa hausten ari da ere bai. Hori ere aintzat hartu duzu aldaketaz mintzatzean?
Bai, baina iruditzen zait tarte bat dagoela defendatzen ditugun ideien edota oraindik ditugun ideien artean. Agian ideia batzuk egokiak ziren orain dela mende erdi, baina orain ez. Orain hori ez dago. Eta horretan tematzen dena, familian pisu guztia jartze horretan, tematu dadila, baina errealitatearen kontra ari da. Elkarlanerako eta elkar zaintzarako beste sare batzuk sortu behar dira. Familiakoak aparte utzita. Gogoan dut gure semea jaio zenean, gure amarekin nintzela hizketan eta esan zidan orain baneukala seme bat ni etorkizunean zaintzeko. Erantzun nion nik ez nuela izan semea, ondorenean ni zaintzeko. Ez. Ni nire burua zaintzeko gauza ez naizenean beste bide batzuk aurkituko ditut, beste sare batzuk. Zeren eta bestela abandonatu zaituztenaren sentsazioa etor daiteke.
Emakumeoi, gainera, erakutsi digute gu ez garela ezer eta gure familia dela dena. Eta hori santuentzat aproposa izan daiteke, baina belaunaldi bakoitzeko santu asko ez dira egongo bada. Gainerakoentzat arrisku izugarria da, zeren eta iristen da momentu bat kobratu nahi duzuna emandakoa. «Nik zure alde egin dudan guztia eta gero…». Tranpa bat dago hor.
Adineko hitza ez duzu erabiltzen, zahar erabiltzen duzu.
Bai, adinekoa edonor da, adin bat daukagulako. Bizi garen guztiok daukagu adin bat. Nik zaharra esaten dut, eta iruditzen zait euskaraz ez dela gaztelaniaz bezain gordina zahar hitza. Viejo gordinagoa da, konnotazio ezkorragoa du. Probokatzeko ere erabiltzen dut zahar hitza. Izan ere, zahar esaten dudan aldiro beti dago baten bat «zaharrak trasteak dira, zaharrak trapuak dira» eta halakoak esaten dituena. Ez dugu hil nahi, eta zahartzea iruditzen zaigu gauza lotsagarri bat. Disimulatu egin behar dugu, gazte itxura mantendu behar dugu 80 urterekin ere.
Nire adineko bati norbaitek lore bat bota nahi dionean, zure buruari esaten diozu: «baina ni zaharra naiz»; eta erantzuten dizute, «bai, baina zuk burua gaztea daukazu». Ez, ez eta ez. Nik dena daukat zaharra, beste gauza bat da zaharrak ez duela esan nahi txarra. Dikotomia bat egiten dugu: gaztea ona da, eta zaharra txarra. Ustez zahar denak zerbait ona badu, gaztetasun arrasto bat gorde duela da. Dikotomia hori hautsi egin behar da, gazte den guztia ez delako ona, eta zahar den guztia ez delako txarra.
Zahar guztiak ez direla berdinak landuz, zerbait aldarrikatu nahi izan duzu?
Aukeratzeko eskubidea, ahal den neurrian. Gizartea beti aldatu izan da, baina azken mende erdian abiada asko azkartu da. Mendeetan gurasoek egindakoa edo ikasitakoa baliagarri zen eredu gisa, aldaketak txikiak zirelako. Baina orain ez. Orain, trukean, zahar tradizionalak ezin bazuen aukeratu, orain aukera dezake.
Jaizkibel konpainia. 27 urte hauetan eboluzio bat egon bada, zer aldatu da?
Alarde berdintzaile baten alde dago Jaizkibel konpainia, eta konpainia izugarri handitu da. Gehiegi handitu da, elefantiasikoa da, ezin goberna daitekeen konpainia bat da. Handiena da. Konpainia baten batez besteko kopurua 250 da, batzuk handiagoak eta beste batzuk txikiagoak. Gu 1.000tik gora gara, eta hori ezin da gobernatu. Ahaleginak eginda ere ez dago modurik. Bestalde, oso aldaketa garrantzitsua izan da Jaizkibeldik kanpo sortu direla beste iniziatiba batzuk alarde parekidearen aldekoak. Badakit, hainbatentzat, Alarde Fundazioarentzat eta, iniziatiba horiek Jaizkibel konpainiak sortu dituela, baina ez da hala. Horri deritzo gure indarra biderkatzea. Hirugarrenik, eta ez dakigu zer emango duen, herriaren udal gobernuan parte hartzen duten alderdiek alarde parekide baten alde daude. Lehen ez zen horrela. Ea zer ematen duen, ikusteko daukagu.
Atzera begira, alardearen gaian egin duzunetik zerbait aldatuko zenuke?
Hasieran pazientzia gehiago izatea, hori aldatuko nuke. Nik ezagutzen ditudan hasierako kideak ez datoz bat iritzi honekin. Oso iritzi pertsonala da, baina iruditzen zait pixka bat itxoin behar genuela. Oso garai desaproposean egin genuen salto. Bai, hiru urte pasa genituen sarrera eskatuz salto egin arte, baina, agian, mantsoago joanda ez litzateke kontua hainbeste luzatuko. Baina hori jakiterik ez dago. Bidea geroago hasiko zen, eta agian baldintza hobeagotan, baina hori ezin da jakin. Azkenik, agian gure meriturik handiena da zenbat iraun dugun, eta ez dela gure barruan zatiketarik gertatu. Hori Euskal Herrian mirari bat da. Ia 30 urte bete ditugu eta jende berria etorri da, beste batzuk joan, handitu gara, baina zatiketarik gabe. Indar berritzaile eta aurrerakoien artean hori mirari bat da. Dozena bat urtera heldu orduko banatu egiten gara.
Txaranga Urretabizkaiak zure omenez jarri du bere izena, txarangako musikari eta artisten aniztasuna islatzen duelako. Ba al zenekien?
Orain dela sei urte esan zidan batek Bilbo aldean bazegoela Urretabizkaia izeneko txaranga bat. Baina ez nion kasurik egin, Urretabizkaia asko daudelako munduan, esparru guztietan. Baina, behin, pandemia aurretik hitzaldi bat ematen ari nintzela Azkuna Zentroan, bukaeran etorri zitzaizkidan bi edo hiru eta esan zidaten Txaranga Urretabizkaiakoak zirela, eta ez zidatela ezer esan pentsatu zutelako agian ez zitzaidala aproposa irudituko. Hori ez zela horrela esan nien, eta eskerrak eman nizkien. Hori guztia esan nien jakin gabe zer egiten zuten, zein txaranga zen, ez delako txaranga arrunt bat. Orduan, esan nien abisatzeko eta joango nintzela haiek ikustera; Getxora joan nintzen ahizparekin. Hantxe zeuden maindire batzuekin, erdi mamu, eta ulertu nuen zer zen. Nire ahizpari esan nion «zein txaranga berezia», eta berak esan zidan, «bestela, nola aukeratuko zuten zure izena?». Arrazoia eman nion. Noizean behin mirariak gertatzen dira. Norbaitek hartzea zure lana eta eramatea lanetik kanpo beste maila batera, dela beso batera tatuaje moduan Durangoko Azokan neska batek erakutsi zidan bezala, edo dela musika egiteko modu batera. Eskerrak ematea besterik ez dagokizu.