Uxue Azkaraterentzat izan da GazteArtean beka
Sare sozialetan nerabeen 'autoirudia' sortzea eta gai horri nola heldu ikuspegi kritiko batetik landuko du Uxue Azkarate artista bisualak.
2023ko deialdiko GazteArtean beka Uxue Azkarate ikertzaile, irakasle eta artista bisualari esleitu diote. Lan irabazlearen aztergaia da sare sozialetan nerabeen autoirudia sortzea eta gai horri nola heldu ikuspegi kritiko batetik hezkuntza artistikoaren bidez.
Azkaratek lanarekin hainbat helburu bete nahi ditu, hala nola, sare sozialetan edertasun selfie-ak eta iragazkiak erabiltzearen ondorioak agerian uztea, nerabeek egunero ikusten dituzten irudien aurrean gaitasun kritikoa sustatzea eta ikusizkoaren hezkuntza sortzea.
Beka 35 urtetik beherako gazteei zuzendutakoa da eta oraingoa bosgarren edizioa izan da. Guztira, sei proiektu aurkeztu dira.