"Herritarren bizi kalitatea hobetzeko" Gobernu plana
2023-2027 legintzaldirako Hondarribiko Udal Gobernu Taldearen iparrorratza izango diren neurriak aurkeztu zituzten atzo, Kultur Etxean.
Areto Nagusiko eserleku guztiak beteta, datozen lau urteetan Udal Gobernu Taldeak jarraituko dituen lan ildo eta neurriak entzuteko gogoz ziren herritarrak. 18:30ean egin zuten hitzordua Kultur Etxean. Igor Enparan Alkatea, Estitxu Urtizberea, Garoa Lekuona, Lupe Queiruga, Josu Peña eta Ortzi Alonso zinegotziak izan ziren bertan.
Bi herri programa ezberdinetatik abiatu eta herritarren “bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea” helburu duen plan bateratu bat osatu dute, elkarlana oinarri izango duena. “Ez da bakarrik alderdi politikoek egindako lanketa bat, herri eragileekin eta zuetako askorekin bildu izanaren ondorioa ere bada. Udal teknikariak ere badaramate sei hilabeteko lanketa egiten jaso ditugun ekarpenak eta iradokizunak aztertzen” nabarmendu zuen Alkateak. “Hirigintzatik Hondarribi saretu bat sortu nahi dugu” gehitu zuen aurkezle lanetan aritu zen Josu Peñak.
Beharrak aztertu, antolatu eta horiek neurri zehatzetan bihurtu dituzte. Guztira, 142 neurri dira gobernu taldeak prestatu dituenak. Horiek, Gobernu plana deituriko liburuxka dokumentu batean bildu eta aurkezpenean banatu zituzten. Liburuxkak legealdi honetan “egingarriak” diren 141 neurri batzen dituen arren, aurkezpenean bertan 142 neurri izango direla aitortu zuten. Datozen egunetan, horiek batzen eta sakonago azaltzen dituen aldizkari bat banatuko dute etxez etxe.
Gobernu plana “dinamikoa” izango dela esan zuen Alkateak, “etorkizunean ere herri eragileekin lege betebehar berriak etorriko zaizkigulako beste zenbait ekintza ere burutu beharko ditugu eta ekarpen egitasmo eta ideia berri batzuk ere jorratu beharko ditugu”.
Planaren aurkezpen orokorra egin ondoren, gobernu kideen txanda izan zen. Zinegotzi bakoitzak haren eskumeneko neurri aipagarrienak azaldu zituen.
Estitxu Urtizberea Hiri eta Lurralde antolamendurako zinegotzia izan zen hitza hartzen lehena. Etxebizitza politikak lantzeaz gain, komertzioak eta kaleak biziberritzeko ardura izango du. 40 bat neurriren artean bost neurri nabarmendu zituen: Etxebizitza udal saila sortzea; Aparkalekuen kudeaketa berritzea; Open-gela bat eraikitzea Mendelun; Alktibitate ekonomikorako departamentua sortzea (lehen Turismo eta merkataritza saila zena); eta Auzoetan sare komertziala babesteko neurriak hartzea.
Ondoren, Lupe Queiruga Osasun zinegotziaren txanda izan zen. Prebentzio komunitarioa, hezkuntza, gazteria eta kirola izango ditu ardurapean. 142 neurriren artean lau neurri nabarmendu zituen. Udalak modu estrukturalean eman behar dituen zerbitzuak munizipalizatzea; Hondartza kiroldegiko esleipena Hondarribiko udaletik egitea; Soroeta frontoia atontzea; eta Hezkuntza kontseilua sortzea.
Hirugarren izan zen Ortzi Alonso. Hiri nortasuna eta kultur zinegotziak kulturari eta ondareari helduko dio datozen lau urteetan. Kultur eskaintzaren kalitatea neurtzea; Kultura auzoetara eramatea eta kultur elkarteen sarea sortzea; Hondarribia Sormen Hiria sariak berreskuratzea; Hondarribiko itsas ondarea balioan jartzea; eta Memoria historikoaren lanketan jarraitzea dira nabarmendu zituen neurrietako batzuk.
Garoa Lekuona, EH Bilduren ordezkaria, Euskara eta Jasangarritasuneko zinegotzia izango da. Eusakara, ingurumena eta energia arloak izango dira haren ardura. Euskararekin hasita, euskararen erabilerari “buelta” eman nahi diotela esan zuen, eta horretarako, UEMAko aholkularitza zerbitzuaz baliatuko direla. Bestetik, Euskal Liburu eta Diska azoka indartzea eta Bordari Satarka lehiaketa birformulatzea; Jaizkibel babesteko udal ordenantza egitea; eta Ingurumena babesteko trantsizio ekologikoa bultzatzea dira Lekuonak gidatuko duen arloan aurrera eramango dituzten neurri zehatzetako batzuk.
Azkenik, Josu Peña Gizarte zerbitzuetako zinegotziak hartu zuen hitza. Gizarte kohesioan bi arlo aipatu zituen. Batetik, Berdintasun saila sortzeko neurria. Honakoa, ordea, “guztien erronka” dela esan zuen, “Gobernu talde honen erronka bat”. Neurri honetatik berdintasun teknikariaren postua sortuko dute. Eta bestetik, Gizarte zerbitzuak estrukturalki aldatzea; Babes gabe dauden adin txikikoei zerbitzu bat ematea; eta Zaintza ereduaren inguruan hausnartzea eta adinekoei arreta zerbitzu egokia ematea nabarmendu zituen.
Aurkezpenarekin amaitzeko hausnarketa bat elkarbanatu zuen Igor Enparan Alkateak. Gobernu Taldeak akordioetara heltzeko duen gaitasuna nabarmendu zuen; izan ere, Udal Gobernu Taldea bi alderdiren arteko baturarekin osaturik dago eta zenbait alorretan “ezberdin” pentsatzen badute ere, biek ala biek, finean, helburu bakarra dutela gaineratu zuen: herritarren bizi kalitatea hobetzea.