Sabin Arana kalean radar mugikor bat ezarriko dute
Hilaren 18an ezarriko dute aparailua, eskolako bideak indartzeko eta abiadura errespetatzen dela bermatzeko.
Hondarribiko errepideetan autoek 30km/orduko gehienezko abiadura errespetatu behar dute. Zenbait kasuetan, eskoletako sarbideetan esaterako, 20km/ordukoa da araututa dagoen abiadura. Udaltzaingoak eta Hondarribiko Udaleko Mugikortasun sailak egindako azterketa batek, ordea, legez ezarritako abiadura arauak errespetatzen ez direla ondorioztatu du, “arrisku egoerak” sortuz.
Testuinguru honetan, abiadura handiak onartuko ez dituztela adierazi eta egoerari irtenbide bat emateko zenbait neurri hartuko dituztela iragarri du Hondarribiko Udalak.
Sabino Arana kalea da arrisku egoera horiek gertatzen diren leku nabarmenetako bat. Autoek 20km/orduko abiaduran igarotzeko betebeharra duten arren, eta oinezkoentzako plataforma bat dagoen arren, autoak abiadura handiagoan igarotzen direla ikusi zuten egindako azterketan. “Udalean oso argi dugu eskolarako bideak indartu behar ditugula” azaldu du Estitxu Urtizberea zinegotziak. Horregatik, bertan egingo dute lehen esku-hartzea.
Eskolako bideak indartzeko eta abiadura errespetatzen dela bermatzeko, ostegunetik aurrera, hilak 18, ibilgailuen abiadura neurtzeko radar mugikor bat ezarriko dute.