Nestor Basterretxearen jaiotzaren 100. urteurrena oroitzea eskatu du Irungo EAJk
Hiriarekiko zuen harreman estuari "estimua eta esker ona" adierazteko oroitze ekitaldiren bat eskatu dute. Halaber, Jorge Oteiza eta Basterretxearen lan-etxea birgaitzeko eta eraldatzeko proiektua 2022an onartu bazen ere, proiektua "abandonatuta" dagoela salatu dute.
Aurten 100 urte beteko dira Nestor Basterretxea eskultore, margolari eta zinemagilea jaio zela. Irunen bizi izan zen, “harreman estua izan zuen” hiriarekin, eta, beraz, Irungo EAJk hiriak harekiko duen “estimua eta esker ona” erakusteko oroigarri edo ekitaldiren bat egitea galdegin du.
Jorge Oteiza eta Basterretxea batera bizi izan ziren Iparralde hiribideko lan-etxea ere izan dute hizpide jeltzaleek, eta hura “birgaitzeko eta eraldatzeko” proiektua oroitarazi dute: “Mugarte proiektuaren barruan kokatutako proiektua da, eta tailer etxea bi artisten zabalkunderako eta dibulgaziorako kulturgune bihurtzea du helburu, baita mugaz gaindiko abangoardiako sortzaile gune berri bat eskaintzea ere”.
Lan-etxea birgaitu eta eraldatzeko proiektua 2022an onartu eta jarri zuen martxan Irungo Udalak, baina EAJk salatu du eraikinak “abandonatuta eta oso egoera txarrean” jarraitzen duela. Udalak egituraren azterketa bat enkargatu zuen, eta informazio hori eskatu dute jeltzaleek, “bai hiriaren onerako, eta proiektuari lehenbailehen ekin eta bide emateko”. Horretarako une ona dela artistaren jaiotzaren mendeurrena uste dute.