Bederatzi tailer Ahalduntze Eskolaren ikasturte berrian
Otsailetik ekainera gauzatuko dira ikastaro horiek, denak Emakumeen Etxean, doan. Izen-emateak hilaren 22tik otsailaren 2ra bitartean egin behar dira.
Irungo Udalak prest ditu otsailetik ekainera bitartean gauzatuko diren Ahalduntze Eskolako tailerrak, eta gaur aurkeztu ditu xehetasunak Nuria Alzaga Berdintasun ordezkariak, Emakumeen Etxean. Orotara, doako bederatzi ikastarorekin eraiki dute ikasturte berriko programazioa; horietatik bost, berriak dira. Tailer guztiak Emakumeen Etxean egingo dira, eta beren helburua da Irungo emakumeek beren “autonomia eta bizi kalitatea hobetzea eta indartzea”.
Alzagak nabarmendu du “arrakastatsuak” direla Ahalduntze Eskola bezalako programak, urtetik urtera parte hartzaile kopuruak gora egiten baitu: “Aurreko ikasturteko arrakastaren ondoren, aurten, Ahalduntze Eskolak berriz eskainiko ditu Irungo emakume guztien ongizatea eta bizi kalitatea bultzatzeko eta indartzeko tailerrak”.
Irungo Emakumeen Etxeak urrian ireki zituen ateak, eta Berdintasun ordezkariak gune berri horri balioa eman dio. Alzagaren arabera, Emakumeen Etxeak “Irungo emakume guztientzako erreferentzia puntu feminista” izatea bilatzen du.
Ahalduntze Eskolako tailerren izen-emateak hilaren 22tik otsailaren 2ra bitartean egin behar dira. Inskripzioak hiru modutara egin daitezkeela jakinarazi du udalak: udalaren webgunean, 943 50 55 05 telefonora deituta edo Emakumeen Etxean bertan. Tokiak mugatuta daudela gogorarazi du udal erakundeak, eta leku horiek izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko direla gaineratu du. Horrez gain, Irunen erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dutela nabarmendu dute.
Hona hemen ikastaro guztien eskaintza eta haien ordutegiak:
Emakumeen artean kantua berreskuratzen
- Irakaslea: Ana San Jose.
- Data: Otsailaren 15etik ekainaren 20ra. Hamabostean behin, ostegunetan.
- Ordutegia: 18:00-20:00.
- Iraupena: 9 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek berez emozioak adierazi, lan taldeak indartu, oinarrizko eskubideak aldarrikatu eta istorioak kontatu ahalko dituzte kantuaren eta musikaren bidez.
Clown artea bide gisa (berritasuna)
- Irakaslea: Ana Egiazabal.
- Data: Apirilaren 9tik ekainaren 18ra. Asteartetan.
- Ordutegia: 18:00-20:00.
- Iraupena: 10 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek umorea ezagutu eta egunerokoan erabiltzen ikasi ahal izango dute.
Gure artean (berritasuna)
- Irakasleak: Marina Santa eta Cruz Leite.
- Data: Otsailaren 22tik maiatzaren 9ra. Ostegunetan.
- Ordutegia: 16:00-18:00.
- Iraupena: 10 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek aukera izango dute beren hazkuntza eta garapen pertsonala hobetzeko feminismoaren, Gestalt terapiaren eta arte terapiaren bidez.
Heldutasun atsegina eta bidezko harremanak (berritasuna)
- Irakaslea: Clara Wolfram.
- Data: Otsailaren 20tik maiatzaren 7ra. Asteartetan.
- Ordutegia: 16:00-18:00.
- Iraupena: 10 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek aukera izango dute beren bikotekidearekin, familiarekin, lankideekin eta abarrekin lotura sozial osasungarriak eraikitzen ikasteko giltzarri batzuen bidez.
Mindfulness eta barkamena (berritasuna)
- Irakaslea: Amaia Urbieta.
- Data: Otsailaren 13tik maiatzaren 30era. Asteartetan.
- Ordutegia: 10:00-12:00.
- Iraupena: 12 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek beren autoestimua eta konfiantza hobeko ahalko dituzte, beren beldurrak eta segurtasunik eza gainditzen lagunduko dieten tekniken bidez.
Oin erreflexologia (berritasuna)
- Irakaslea: Yune Gonzalez.
- Data: Otsailaren 12tik maiatzaren 27ra. Ostegunetan.
- Ordutegia: 16:00-17:00.
- Iraupena: 14 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek beren ongizatea eta bizi kalitatea hobetu ahal izango dituzte oin erreflexologiaren bidez. Masaje teknika horrek organoen, muskuluen eta azalaren barne segmentuen arteko nerbio loturei buruzko ezagutzak baliatzen ditu, kanpotik maila erreflexuan eragiteko gaitzetan.
Jakintzak trukatzea
- Irakaslea: Kontxi Lopez.
- Data: Otsailaren 7tik ekainaren 19ra. Asteazkenetan.
- Ordutegia: 18:00-20:00.
- Iraupena: 17 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek espazio seguru bat eraiki ahal izango dute beste emakume batzuekin bizipenak partekatzeko.
Autodefentsa feminista
- Irakaslea: Emagin.
- Data: Otsailaren 9an, 16an eta 23an. Ostiraletan.
- Ordutegia: 17:00-20:00.
- Iraupena: 3 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek erasoak identifikatzen ikasiko dute, indarkeriaren sorrera eta eraikuntza alderdi eta ondorio guztietan aztertzen, eta eguneroko bizitzako eraso egoerei erantzuteko eta horiek konpontzeko mekanismoak eta jarduerak identifikatzen. Tailer horrek “oso harrera ona” izan du azken urteetan.
Norberaren burua autoezagutzarako astrologia
- Irakaslea: Marina San Jose.
- Data: Otsailaren 12tik maiatzaren 27ra. Astelehenetan.
- Ordutegia: 18:00-20:00.
- Iraupena: 16 saio.
- Xehetasunak: Emakumeek astrologiaren oinarriak ezagutuko dituzte: etxeak, zeinuak, planetak eta alderdiak. Ezagutza horretaz baliatuz, gutun astrala ulertzeko gai izaten lagunduko du tailerrak, autoezagutzan sakontzeko. Arte zientziak gogoko dituzten, pentsamendu magikoa duten eta beren buruaz gehiago jakin nahi duten emakumeei begirako tailerra da. Barrurantz begiratzeko espazio bat izango da.
Haurtzaindegi zerbitzua
Aurtengo ekitaldirako, gainera, doako haurtzaindegi zerbitzua jarriko da parte hartzaileen eskura, 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Zerbitzua eskatu nahi duten emakume guztiek udalaren webgunearen bidez egin dezakete, izena emateko orrian.