HAPOn zenbait aldaketa egitea eskatu du Hondarribiko PSE-EEk
Sozialisten ustez Hondarribiak ez du Zaldunborda eremuan merkataritza gune bat sortzeko beharrik. Horregatik, HAPOn aldaketak egiteko bi alegazio aurkeztu dituzte.
Hondarribiko PSE-EEk, Hiri Antolamendurako Plan Orokorretik (HAPO) Albistieta, Zaldunborda gaina, Bidaurrenta eta Zaldunbordako eremuei merkataritza erabilerako gune izendapena kentzea eskatu du.
2017ko Plan Orokorra oso eztabaidagarria izan zela gogoratu dute sozialistek, hain zuzen, planak Hondarribia Village makro oulet-a sortzea jasotzen zuelako. Orduko hartan, HAPOk Zaldunbordan merkataritza eremu berri bat ezartzeko aukera zabaldu zuen. Plan Orokor hura 2020an baliogabetu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak.
Iaz HAPO berriaren hasierako onarpena egin zen, eta sozialisten ustez, 2020an baliogabetu zen planaren “gauza bera” da. Hau da, “hiria gutxi batzuen interes ekonomikoen zerbitzura jartzen duen hiri-garapeneko eredu bera” jarraitzen duela esan dute. Haien ustez, Hondarribiak ez du halako merkataritza gune bat sortzeko beharrik. Gainera, besteak beste, plan orokorrean hiriko merkataritzari nola eragingo lioken aztertzea falta dela esan dute. “Ez da aztertzen merkataritzari nola eragingo dion, ezta zerbitzu zuzkidura publiko eta pribatuen hobekuntza ekarriko duen ere”.
Aldi berean, merkataritza jarduera Zaldunborda inguruan ezartzeak mugikortasun arazoak areagotuko lituzkeela esan dute. “Europako beste edozein hirietan ezinezkoa izango litzateke Hondarribian eta Irunen dauden bide sistemak topatzea. Sistema etengabe kolapsatuta dago eta biztanleei mugitzeko arazoak sortzen dizkie. Hondarribiak, gainera, ez du beste aukerarik, ez baitu ez trenik, ezta tranbiarik ere”.
Horregatik guztiagatik, aipatutako lurzoruak industria-lurzoru gisa izendatzearen alde egiten dutela adierazi du Hondarribiko PSE-EEk eta, zentzu horretan, bi alegazio aurkeztu dituzte: Albistieta, Zaldunborda gaina, Bidaurrenta eta Zaldunborda eremuei merkataritza-erabilera izendapena kentzea, “jarduera horretarako egokiak ez direlako”; eta eremu horiek erabilera industrialerako izendatzea alternatiba bakar gisa.