Gipuzkoako Hondartzen Mahaia elkartu da, 'pellets'-ak direla eta
Hondarribiko Udaleko ordezkari bat izan da bileran. Pinportak iristeko dauden arriskuaren aurrean nola jokatu koordinatu dute.
Gipuzkoako Hondartzen Mahaia elkartu zen atzo goizean, plastikozko pinportak herrialdera iristeko arriskua dela eta. Hondarribiko Udaleko ordezkaritza bertan izan zen, Ortzi Alonso zinegotziarekin. Aldundiko ordezkariak zein hondartzak dituzten gainontzeko udalerrietako ordezkari politikoek hartu zuten parte.
Atzo goizean egin zuten ezohiko bilkura. Egungo egoeraren berri eman zieten udaletako ordezkariei, eta Jasangarritasun Foru Departamenduak jarduera koordinatuaren zirriborroaren nondik-norakoak eman zituzten.
Alerta eta abisu-sistema guztiak aktibatu direla jakinarazi zieten, gainera. Horrez gain, pinportak iritsiko balira, zein makina erabiliko diren adierazi zieten udal ordezkariei.
Aldundiak gaineratu zuenez, neurri hauek hartuko dira alerta-fasean. Hona hitzez hitz esandakoak:
- Hondartza guztiak egunero zaindu eta ikuskatzea: Zaintza-zerbitzua sendotuko da, obra-zuzendaritzako hiru pertsonak eta zuzendaritzako bi teknikarik parte hartuta.
- Garbiketa-zerbitzua indartzea: 15 pertsonako garbiketa-ekipo gehigarri bat jarriko da.
- Pellet-laginak biltzea: Hondartzen arabera bereizitako eta etiketatutako poltsetan bilduko dira laginak, AZTIrekin koordinatuta, laginak bidaltzeko eta alderatzeko, Galiziatik datozen laginen zain.
- Larrialdi-faserako baliabide materialak eskuratzea: 100 galbahe eta kubo erosi dira, bai eta ontziak, edukiontziak eta bahegailu trinkoak ere.