Urgara waterpolo kluba, ikusgarritasun bila
2020-2021 denboraldian sortu zuten Urgara Txingudi waterpolo taldea, Bidasoa XXI taldetik banatu ondoren. Laugarren denboraldia dute aurtengoa, eta harrobia osatzen eta ikusgarritasun bila ari dira.
Bidasoko waterpolo talde historikoak zatiketa bat izan zuen 2020an «desadostasun» batzuk medio. Orduan, 2020ko uztailean, Urgara Txingudi waterpolo kluba sortu zuen guraso talde batek. Urte hartako irailean kirol elkarteen erregistrotik alta jaso, eta entrenatzen hasi ziren 2020-2021 denboraldiari begira. Laugarren denboraldia dute aurtengoa. Dagoeneko zazpi talde dituzte: kimu eta benjaminen eskola, haurren talde mistoa, emakumezkoen eta gizonezkoen gazte taldeak, eta emakumezkoen eta gizonezkoen seniorrak.
Entrenamenduak udal kiroldegietan egiten dituzte, Artalekun eta Azken Portun hain zuzen. Kategorien araberakoa da lekua, eta horiek Urgararen orrialdean kontsulta daitezke.
Klub bat hutsetik sortzea ez dela lan erraza azaldu du Ana Olazabal Narbarte presidenteak, eta lehen urratsa entrenatzaile bat bilatzea izan zela gogoratu du: «Gaur egun titulu konkretu batzuk galdegiten dituzte entrenatzeko, eta ez zen erraza izan». Gurasoen inplikazioari esker lortu zuten aurrera egitea, «guraso bat abokatua da, beste bat aholkularia, eta beste bat kontablea», azaldu du presidenteak. Hasierako bultzada ekonomikoa gurasoen poltsikoetatik atera zen, baina bigarren denboraldian diru laguntza jaso zuten, formaziora begirakoa.
Klubari ikusgarritasuna eman nahian dabiltza oraindik, eta kirola probatu nahi duenari dei egin diote inolako konpromisorik gabe haiengana joan dadin. «Hilabete batez proba dezakete, guztiz doan», adierazi du Olazabalek. Izen ematea denboraldiaren erdi-erdian ere egin daitekeela erantsi du, eta norbere egutegia moldatzeko beharrik gabe. Hau da, txikienek astean bitan entrenatzen dute, baina hala ezin izatekotan, hasieran, astean behin joan daitezke entrenatzera. Informazio gehiago izateko telefonoz jar daitezke interesdunak harremanetan klubarekin, 646 77 29 12 edo 635 73 22 87 zenbakietara hots eginda.
Izen ematea denboraldiaren erdi-erdian egin daiteke
Irunen waterpoloko bi klub daude, eta bi igerileku estali. Waterpoloko talde historikoan jokalari asko direla, eta batik bat haiek erabiltzen dituztela igerilekuak azaldu du Olazabalek, «aukera gutxi ditugu, eta oso zaila da guretzat ordutegiak antolatzea». Udalari «koordinazioa» eskatu diote, eta igerilekuen ordutegia birmoldatzea. «Erabiltzaileek 20:30ak arte erabil dezatela, eta hortik aurrera klubentzako izan dadila igerilekua», proposatu du presidenteak. Harrobia osatzeko, kirol baliabideetan bizitzako beste alorrekin kontzilia daitezkeen ordutegiak nahi dituzte, alegia. Orain, 21:30ean hasten dituzte entrenamenduak, eta nahiz eta ohitu diren, «oztopo bat» dela dio presidenteak; 20:30ean hastea «onuragarriagoa» izango litzatekeela uste du.
«Berdintasunaren alde kirolean»
Kirolean aritzeko erraztasun gutxi izaten dituzte emakumeek, eta Urgaran ere hala gertatu zaie. Emakumezkoen Senior taldea aspalditik dabil elkarrekin jokatzen, eta aurtengo denboraldian sei baja izan dituzte, «lanagatik eta unibertsitateagatik». Taldeari eusteko Eibarko Urbat taldearekin akordioa egin dute, eta Urbiak taldea sortu. «Akordio horri esker denboraldi honetan geratu diren neskek badute segitzeko eta lehian aritzeko aukera, eta ez bakarrik entrenatzekoa», zehaztu du Olazabalek. Hartara, Berdintasunaren alde kirolean leloa sortu dute, berdintasunarekin konprometituta daudela presente izateko. «Espero dugu orain dauden neskek etorkizunean segi ahal izatea».