Tren geltoki berria 2025erako bukatzea aurreikusi dute
Gaur eraitsi dute 60 urteko tren geltokia eta gaur hasi dituzte nazioarteko tren geltokiaren obrak. Era berean, Kateako bi zubiak eraitsiko dituzte eta auzoak bitan banatuta egoteari uzteko bidea hasiko dute.
Gaur goizean eraitsi dute 60 urte zituen Irungo aldirietako tren geltokia eta bertan izan dira Cristina Laborda alkatea eta Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkaria, besteak beste. Izan ere, eraistearekin batera eraikitze berri batekin hasi dira: Irungo nazioarteko tren eta autobus geltoki berria.
Aurrekontua 65, 3 milioi eurokoa da, Irungo historiako inbertsio publiko garrantzitsuena. Tren geltoki berria eraikitzeko ez ezik, trenbideko hondartza berrantolatzeko eta nasak zabaltzeko baliatuko dute dirua. Estazioak, gainera, eguzki energia biltzeko sistema bat izango du estalkian, 180 panel fotovoltaikok osatua.
Etorkizuneko nazioarteko tren geltokiak zubi gisa balioko du ere eta hamar trenbideren gainetik eraikiko dute. Eraikinaren mendebaldeko muturrean hiriarekin lotura izango du, sortuko duten plaza berri bati esker.
Geltokiak hiru maila izango ditu:
- Behe kaleko solairua, eraikinerako sarbide nagusia bertan izango da. Atari bat eta komunikazio nukleoak (eskailera finkoak, mekanikoak eta igogailua), bideen gainean dagoen atari nagusirantz.
- Solairuartean bulegoak egongo dira.
- Lehenengo solairuan distantzia ertain, luze eta nazioarteko bidaietako trenen ontziratze gunea izango da. Horretarako kutxa forma duten eraikin batean sarbide kontrolak egongo dira eta laguntzeko zerbitzuak eskainiko dituzte, besteak beste. Mutur batetik bestera zeharkatuko da ataria.
Bestalde, lanak hasi aurretik zeuden aldirietako trenen zerbitzua berreskuratuko dela baieztatu Santanok.
Katea auzoa “berritzeko aukera”
Abiadura Handiko Trenagatik Katea auzoko Errotazar eta Teileriako zubia (Aranibar eta Katea batzen dituena) bota egingo dituzte 2024 urte erdialdean eta, aldi berean, Elizatxo hiribidea oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea eraikiko dute. Labordak adierazi du “Katea auzoa berritzeko aukera” izango dela honakoa, auzoak bitan banatuta egoteari utziko baitio. Izan ere, atzo azaldu zuen alkateak Andrearriaga kaleko harresia botako dutela ere.