Robert Longa Venezuelako El Panal komunako kidea Irunen izango da
Komunen Demokrazia Sare Internazionalak gonbidatuta hitzaldia eskainiko du Hazian hilaren 16an, 19:00etan.
XXI. mendeko Venezuelako hiri-komuna bolibartarra izango du hizpide Robert Longa Caracaseko Barrio 23 de enero auzoko El Panal komuneko bozeramaileak datorren asteartean Hazian, 19:00etan. Izan ere, Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan zehar ibiliko Longa datozen egunetan, Komunen Demokrazia Sare Internazionalak gonbidatuta.
Bisitaren helburua Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian erakunde anaien arteko trukea bultzatzea eta bizitzaren komunalizazioari buruzko hausnarketa egitea da, “kapitalaren despotismoaren” alternatiba gisa.
Komunen Demokrazia Sare Internazionalaren arabera, Longa ezaguna da bere karismagatik, borrokan aritzen daukan ibilbide luzeagatik, eta Venezuelaren eta Hego Ameriketaren gainean daukan hausnarketa poetiko eta teorikoengatik. Bere esaldi ezagunena honako hau da: “Jendearen emantzipazioa da helburua, sozialismoa eredua eta komuna bidea”.
Venezuelako komunak “kapitalismoari aurre eginez, lurraldeak ongizate komunaren mesedetan berrantolatzeko apustu demokratizatzaileak” dira. 1871. urtean antolatu ziren lehenengoak eta 2023ko Venezuelan oraindik diraute. El Panal komunari buruzko liburua lotura honetan eskura daiteke.
El Panal Venezuelako lehen lurralde bolibartarra da eta bertatik hasi ziren ehuntzen egungo “herri antolakuntza”. “Lurralde horretan ez da utopia elkarbanatzea, senti daitekeen errealitatea baizik” dio Sare Internazionalak. Egun, El Panalen 13.000 biztanle inguru bizi dira eta ehungintza fabrika bat, okindegia bat, birziklatzeko fabrika bat, txerri-azienda eta agroekologiarako espazio batzuk daude.
Komunen Demokrazia Sare Internazionala hausnarketarako, elkarrizketarako eta esperientzia eta teoria praktikoen ikerketarako espazio hibrido gisa definitzen dute bertako kideek, betiere komunen demoraziarekin konprometituta daudelarik. 2021ean Hernanin jaiotako sare bat da eta Argentinan, Txilen, Uruguain, Brasilen, Venezuelan, Kolonbian, Kuban, Italian, Herrialde Katalanetan eta Kurdistanen daude.