Badon opera post dramatikoak "hackeatu" egingo du opera
Korrika bekarekin ondutako obra garaikide bat da 'Badon' eta bihar taularatuko dute Amaia KZn, 19:00etan. Berrikusi edota zalantzan jarri nahi izan dute zer den euskal kultura.
Korrika bekarekin ondu du Marina Suarezek Badon opera postdramatikoa eta Irunen bihar eskainiko dute Amaia KZn, 19:00etan. Sarrerak salgai daude oraindik eta doako ludoteka zerbitzua egongo da.
Opera garaikide bat da oholtzara igoko dutena eta hausnarketa ikerketa sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu baten emaitza dela azaldu dute parte hartzaileek. Finean, sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituzte.
Halaber, berrikusi edota zalantzan jarri nahi izan dute zer den euskal kultura: “Euskal kultura entzuten dugunean zerk egiten gaitu oihartzun, zer den guretzat euskal kultura eta zer ez. Nork ematen dio autoritatea nori esateko zer den euskal kultura eta zer geratzen den kanon horretatik kanpo. Guzti horri egin diogu begirada kritiko esplizituki feminista bat eta gaurkotu bat” dio Ines Osinaga zuzeneko musikaren zuzendariak.
Opera hitzak “hotsandikoa” eman dezakeela dio Osinagak baina funtsean antzerkitik eta musikatik tiraka, antzerkia ez den ezta kontzertua ez den pieza bat sortu dute. Baliabide bisualek, zuzeneko musikak, mugimenduak, literaturak eta bertsoek osatuko dute Badon unibertsoa.
Ikuskizunak bost koadro ditu, “bost kolore eta bost mundu” definitu zuen Xanti Agirrezabala antzezleak. Opera formatua “hackeatu” egin dutela dio Osinagak, opera baten baliabideekin beste batzuk uztartuz. Horretan arituko dira Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Ines Osinaga eta Marina Suarez.