Auzoak biziberritzeko, Auzo-Bihotzak
Hondarribiko auzoak biziberritzeko eta hiria deszentralizatzeko asmoz abiatuko dute Auzo-Bihotzak egitasmoa. HAPOn txertatuko duten tresna berria da, eta herritarren partaidetzarekin osatuko dute.
Auzo-Bihotzak nortasun propioa izango duten bizilagunentzako topalekuak izango dira, ekipamendu publiko, komertzio eta, ahal dela, zerbitzuez hornituak. Hala iragarri zuen asteartean Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. Iniziatiba ikerketa eta hausnarketa prozesu luze baten emaitza izan da.
Iaz, HAPOren hasierako onarpena egin ondoren, prozesu parte hartzaile bat abiarazi zuen udal gobernuak, herritarren kezka eta ezinegonak jasotzeko. Horietan, gehienbat mugikortasunarekin zerikusia zuten kezkak hauteman zituzten. «Begi berri batzuekin» Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eta Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (HMJP) berrikusi, eta biek hainbat ondorio komun zituztela ikusi zuten: dentsitate baxuko hiria dela Hondarribia, eta horrek mugikortasun arazoak eragiten dituela; hiri lur finkatuan urbanizazioa, askotan, ez zela behar beharrezko kalitatezkoa; eta oso zentralizatutako hiria dela. Horrez gain, bigarren prozesu batean murgildu ziren eta, Jane Jacobs edo Carlos Moreno teorikoen lanak aztertuz, Hondarribiko kaleek «bizitza galdu dutela» ondorioztatu zuten. Urtizberea: «Hiri modernoak gaitz batek jo zituen aspaldi eta hiltzen ari dira. Hiriaren zainetan ez dago fluxurik, kaleetan ez dago bizitzarik. Gure haurtzaroan ezagutu genituen komertzioak desagertuz doaz; gure babesleku ziren auzo eta kaleak arrotzak egiten zaizkigu, arriskutsuak, eta bizilagunek eskaintzen ziguten babesa galdu dugu». Aipatutako behar horiei guztiei erantzuteko tresna berri baten beharra azaleratu zen, beraz.
Auzo-Bihotzak Portua auzoan gehienbat eta Alde Zaharrean zentralizatuta dagoen hiri-modeloa deszentralizatzea ahalbidetuko du, auzoetan nukleo txikiagoak sortuz, auzotarren zerbitzura izango direnak. Hala, mugikortasun arazoak arintzea lortuko litzatekeela esan zuen zinegotziak, auzotarrek ez luketelako udalerriaren erdigunera mugitu beharko zerbitzu oro jasotzeko. Udal gobernu taldearentzat, gainera, oso garrantzitsua da kaleak duen «benetako funtzio soziala» berreskuratzea,«umetatik sozializatzen eta komunitatea eraikitzen ikasteko» guneak izatea karrikak. Horregatik, parkeak edo kirol eremu publikoak ere ezarriko dituzte.
Auzoak biziberritzea komertzio txikien onurarako izan daitekeela uste dute, aldi berean, gobernukideek. «Komertzio txikia desagertzen ari da eta begirada auzoetan jartzen badugu, hango komertzioak biziberritzeko aukera berri bat irekitzen zaigu horrela», azaldu zuen Urtizbereak.
Udalak dagoeneko zenbait Auzo-Bihotz identifikatu ditu, baina, orain, identifikatutako hiri eremu horiek kontrastatzeko eta Auzo-Bihotzak diseinatzeko auzotarren parte hartzea beharko dute. Horretarako, lau bilera antolatu dituzte: hilaren 23an, Mendelu, Amute eta Arkollako bizilagunentzat, Mendeluko auzo elkartean; hilaren 30ean, Alde Zaharra, Portua eta Puntaleko bizilagunentzat, Kultur Etxean; Otsailaren 1ean, Akartegiko bizilagunentzat, Talaia ikastetxean; eta otsailaren 6an, hainbat eragilerentzat topagunea egingo dute, udaletxeko areto nagusian.
Identifikatutako Auzo-Bihotzak
Mendelun, Amuten edo Zezen Plazan, adibidez Auzo-Bihotzak sortuak daude dagoeneko, baina, horietan, bestelako esku hartzeak egitea aztertuko dute. Eremu guztiak ezberdinak izango dira. Akartegi auzoan, aldiz, auzotarrekin erabakiko dute eremua non ezarri.