Agintaldi plana aurkeztuko du Udal Gobernu Taldeak
Hilaren 17an, arratsaldeko 18:30ean izango da hitzordua, Kultur Etxean. Ekitaldi publikoa izango da.
Udal Gobernu Taldeak legealdi honetarako finkatu dituen helburu eta neurri nagusien berri emango du, asteazkenean, 18:30ean, Kultur Etxean. Aurkezpenean izango dira Igor Enparan Alkatea, Estitxu Urtizberea, Garoa Lekuona, Lupe Queiruga eta Ortzi Alonso.
2023ko ekainaren 18an Udal Gobernu talde berria izendatu zenetik, “datozen lau urteetarako erreferentea izango den agintaldi plana lantzea eta gauzatzea” izan da gobernu taldearen helburu nagusietako bat. Orain, landutako plan hori herritarrei plazaratuko diete. Arratsaldeko aurkezpenaren aurretik, goizean, udal langileekin bilduko dira planaren berri emateko.
Azaldu dutenez, agintaldi programa osatzerako garaian udal hauteskundeetan aurkeztutako programa izan dute oinarri, baina hilabete hauetan guztietan jaso dituzten ideia berriak txertatu dituzte ere: “Agintaldi planaren zutabea herritar, elkarte eta auzo elkarte guztien harremanen emaitza da”.
Bertaratzen direnek dokumentu bat jasoko dute planaren xehetasunak azaltzen dituena eta aurkezpenaren ondoren udalaren webgunean zintzilikatuko dute.