Lehen egunean igaroko da Korrika Hondarribitik
Euskararen aldeko ekimen erraldoia 16:23ean sartuko da Hondarribian, martxoaren 14an.
Gaur eguerdian aurkeztu du AEK-k Euskararen aldeko ekimen erraldoiaren ibilbidea. Euskal Herritik barrena, 2.700km egingo ditu, guztira, euskararen lekukoak; Irundik hasi eta Baionan amaitzeko. Hondarribia ibilbideko bigarren udalerria izango da.
Martxoaren 14an Irundik, San Juan plazatik, abiatuko dira Korrikaren 23. edizioko lehen lasterkariak, 16:00etan. Maite Arroitajauregik sortutako Harro herri abestiaz lagunduta 16:23 inguruan Mendelu auzora heltzea aurreikusi du AEK-k. Segidan, Amute auzoa igaro eta aireportuko errepidea gurutzatuko dute (Gabarrari kalea), ondoren, Kale Nagusian barrena Porturantz helduko dira. Santiago kaletik San Pedro kalerantz egingo dute eta Zuloaga kaletik itzulerako bidea hasiko dute. Sabino Arana kalea gurutzatu eta Gabarrari kaletik Mendeluraino heldu arte. Une horretan, Irunera igaroko da berriro ere lekukoa.
Aurtengo nobedade gisa Korrikaren app-a sortu dute. Android-en eskargatzeko egin klik hemen. IOS-en deskargatzeko egin klik hemen.
Korrika batzordea
63 egun geratzen dira euskararen aldeko ekimenari hasiera emateko. Bien bitartean, Hondarribiko Korrika Batzordea lanean ari da egun horretarako xehetasun guztiak prest izateko. Bi bilera egin dituzte dagoeneko. Hurrengoa hilaren 23an izango da, Kultur Etxean (103 gelan), 18:30ean.
Korrika omenaldi ekitaldia
Hilaren 25erako Korrika omenaldi ekitaldia antolatu dute. Bertan, Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da omendua. Ekitaldia Itsas Etxean izango da. Xehetasunak data hurbildu ahala emango dituztela azaldu du Korrika Batzordeak.