EAJ: "Gobernu talde berriak HAPOren izapidetze erritmoa geldiarazi eta moteldu besterik ez du egin"
HAPO lehenbailehen izapidetzea garrantzitsua dela iritzi dute jeltzaleek, besteak beste, "etxebizitza eraikuntzan aurrera egin ahal izateko tresna delako".
Udal Gobernu taldeak HAPOrekiko duen jarreraz kexatu da Hondarribiko EAJ. Haien ustez, Gobernu talde berriak udala kudeatzeko ardura hartu zutenetik Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren izapidetze erritmoa “geldiarazi eta moteldu besterik ez du egin”. Horren adibide gisa jarri dute gobernu taldeak 2023ko uda amaieran abiatu zuen prozesu parte hartzailea. “Gobernu talde berriak, udara ostean, parte hartzearen epeak luzatu zituen eta herritarrek zuzendu zituen enpresa bat kontratatu zuen, jada eginda zegoen prozesu batean”.
Aldi berean, erabaki garrantzitsuak hartzeko ezintasuna leporatu dio gobernu taldeari eta HAPOrekin loturiko ideiak eta proiektuak ke gortina gisa plazaratzen ari direla esan dute: “HAPOrekin lotzen dituzten ideiak eta proiektuak plazaratzen dituzte, prozesua are gehiago luzatzeko. Ke gortina gisa funtzionatzen duten ideiak eta proiektuak dira, herritarrek horrela lanean ari direla sinets dezaten, baina benetan egiten duten gauza bakarra erabaki garrantzitsuak hartzeko ezintasuna estaltzea edo ezkutatzea da”.
Jeltzaileek adierazi dutenez, garrantzi handia du HAPO lehenbailehen izapidetzeak; izan ere, etxebizitzen eraikuntzan aurrera egiteko, jarduera ekonomikoetarako espazio berriak sortzeko, Zubietan Canpus Teknologikoa izateko aukera ez galtzeko eta hiriaren erdigunetik gertu aparkatzeko eskaerari irtenbidea emateko beharrezkoa den tresna dela iritzi baitute.