Auzo-Bihotzak: auzoak biziz betetzeko tresna berria
Auzotar eta bizilagunekin lau bilera egingo dituzte hilaren amaiera eta otsailaren hasiera bitarte.
Hiri antolamendurako tresna berria izango dena aurkeztu zuen asteartean Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak: Auzo-Bihotzak.
Hausnarketa eta behaketa prozesu baten ondoren hiriko kaleak hustuz doazela ondorioztatu zuten. “Hiriaren zainetan ez dago fluxurik, kaleetan ez dago bizitzarik. Gure haurtzaroan ezagutu genituen komertzioak desagertuz doaz; gure babesleku ziren auzo eta kaleak arrotzak egiten zaizkigu, arriskutsuak eta bizilagunek eskaintzen ziguten babesa galdu dugu”.
Horregatik, auzo eta kaleek beren jatorriko “funtzio soziala” bete dezaten, “non umeetatik sozializatzen eta komunitatea eraikitzen ikasten dugun”, kalitatezko eremu publikoak sortuko dituzte. Auzo-Bihotzek ekipamendu publikoak, komertzioak eta zerbitzuak bilduko dituzte, “herritarrek bizitza beraien auzoetan garatu ahal izateko”. Aldi berean, gune hauek herriko komertzio txikiak biziberritzeko aukera emango dute, eta, egun, Portuan eta Alde Zaharrean zentralizaturik dagoen hiria deszentralizatzea ahalbidetuko du “dependentzia gogor hori arinduz”.
Udalak dagoeneko zenbait Auzo-Bihotz identifikatuta dituela esan zuen Urtizbereak, baina horiek auzotarrekin kontrastatu nahi dituztela. Horretarako, lau bilera egingo dituzte:
- Hilak 23: Mendelu, Amute eta Arkollako bizilagunentzat, Mendelu Auzo Elkartean, 19:00etan.
- Hilak 30: Alde Zaharra, Portua eta Puntaleko bizilagunentzat, Kutur Etxean, 19:00etan.
- Otsailak 1: Akartegiko bizilagunentzat, Talaia Ikastetxean, 19:00etan.
- Otsailak 6: Eragile ezberdinentzat, Udaleko Areto Nagusian, ordua zehazteke.
Lantaldean “oso pozik” daudela gehitu zuen zinegotziak, proiektuak “ilusio handia” piztu duela eta “gogo handiarekin” ari direla lanean.