Arrano arrantzalea eta Txirritxo txikia berreskuratze bidean
Mehatxatuta dauden bi espezie dira eta horiek berreskuratzeko esku-hartze egin dituzte Plaiaundi Parke Ekologikoan.
Arrano arrantzalea eta Txirritxo txikia mehatxatutako bi espezie dira eta horiek berreskuratzeko bi esku-hartze egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea Departamentuak. Jarduera horiek “funtsezkoak” izango direla adierazi du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, “biodibertsitatea eta hegaztien biziraupena kontserbatzeko”.
Migratzaileak dira biak ala biak; Arrano arrantzalea neguan heltzen da gure kostaldera, Txirritxo txikia berriz, udan.
Bi espezie hauen ugalketa errazteko, Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak bi errutegi artifizial eta plataforma flotatzaile bat instalatu ditu Plaiaundi Parke Ekologikoan. Errutegiak (habi artifizialak) Arrano arrantzaleari zuzendurik daude. Bata, San Lorenzo aintziran ezarri dute, zurtzuri batean, 17 metroko altueran, eta bestea, Itzaberriko aintziran dagoen makal beltz batean ipini dute. Kasu honetan, habia 12 metrotara dago. Habiek 1,5 metroko diametroa dute eta 150 kg izatera iris daitezke.
Txingudiko padurak horiek ezartzeko kokaleku egokiena dela azaldu du Foru Aldundiak; izan ere Urdaibaiko Biosferaren (Bizkaia) eta Landetako (Frantzia) eremu naturalaren erdian dago. Itxaropentsu agertu dira Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuko kideak eta dagoeneko errutegiren batean aleren bat jarrita ikusi dutela esan dute.
Txirritxo txikiarentzako, berriz, plataforma flotatzaile bat ezarri dute. Plataformak espezie honek ugaltzeko behar dituen baldintza naturalak irudikatzen ditu. Harri-txintxarrez eta harri koskorrez bete dute plataforma, espezie honen arrautzak erraz ezkutatzen direlako horien artean.
Aipatutako esku-hartze hauen emaitzak datozen urteetan ikusiko dira.