2024an gauzatzea asmo dituen proiektuez aritu da Laborda
Aurtengo proiektu garrantzitsuak bost ardatzetan banatu ditu alkateak. Proiektu garrantzitsuena Via Irun dela berretsi du.
Irungo Udaleko areto nagusian hitzordua egin du gaur goizean Cristina Labordak 2024ko proiektu estrategikoen berri emateko. Alkateak baieztatu du “Irun transformazioaren urtera aireratuko” dela, hala nola, Via Irun proiektua egikaritzen hasiko dira.
Via Irun “hiri-iraultza” izango dela dio alkateak eta Gipuzkoan horretan hiri bakarra izango dela azaldu du. Oro har, aurten egikaritzen arituko diren proiektuak bost ardatzen baitan ondu dituzte: Irun, eraldatzen ari den hiria; hiri jasangarria; pertsonen hiria; ekitaldien hiria; eta bizitzeko, lan egiteko eta ber ezagutzeko hiria.
“Eraldatzea”
Eraldatzeari buruz tren geltoki berria eta haren inguruko obrak izan ditu hizpide Labordak. Etorkizuneko autobus eta tren geltoki berria Pio XII auzoarekin lotuko duen pasabide berria eraikitzen hasiko dira aurten. Era berean, bihar (hilak 12) tren geltokia eraitsiko dute.
Pasabidea eraikitzeaz gain, inguru horretan dagoen Aduana Zaharreko eraikina berritzeko lanak ere egingo dituzte eta horretarako Eusko Jaurlaritzatik jaso dituzten 5 milioi euroak baliatuko dituzte.
Abiadura Handiko trenaren obrek Errotazar zubia eraistea ekarriko du eta horretan dagoeneko lanean dihardute. Inguru horretan aldaketa handiak egongo dira, hala nola, maila horretan dagoen Elizatxo etorbideak errepidea izateari utziko dio eta proiektu hori aurten idaztea dute nahia. Aldi berean, Andrearriaga kaleko harresia botako dute eta Bentakek bitan banatuta egoteari utziko dio.
Bestelako proiektuak aipatu besterik ez ditu egin, inolako planorik erakutsi gabe eta xehetasunetan apenas sartu gabe: Korrokoitz kalea, Papinea eta Dunboako kanala eta San Migel Anaka eremuko Donostia kalearen urbanizazioa.
Jasangarritasuna
Jasangarritasunaren alorrean Hiri mugikortasun jasangarriaren II. Plana onartuko dela iragarri du. Plan horri esker Igorpen Txikiko Zonaren Ordenantza eta IrunBus elektrikoaren flotaren %100 izango dela elektrikoa dio Labordak.
Airearen kalitatea neurtzen ari direla gogoratu du Labordak eta emisio baxuko eremuak lotzearekin lotu du. Hartara, Anakako etxeen ber urbanizazioaren lehenengo fasea bukatuko dute; Poxpologile kalea ere bai; Ermita karrikako lehen faseari ekingo diote eta Gaztainondoko igogailua ere aurten egongo da martxan. Olaberriko harana babesteko plan berezia aurten onetsiko dute ere eta, orduan, horrekin hastea dute helburu.
Belartzako lurpeko aparkalekuko obrak ere hasiko dituztela adierazi du alkateak. Artiako ubidea ere birnaturalizatuko dute eta, etorkizunera begira, Azken Portu eta Artia batuko dituen zubi eta igogailu bat jartzeko asmoa dute.
“Pertsonen hiria”
Irun adinekoekiko hiri lagunkoia plana garatuko dute aurten. Erronka demografikoari ez ezik, adinekoei daukaten inportantzia eman nahi diote planarekin Labordaren arabera.
Plan sozialekin jarraituta, V. Berdintasun Plana udalbatza batean onartzeke dago eta 2024an egitea da helburua. Zaku berdinean sartu du Euskara Sustatzeko Ekintza plana eta hau ere aurten onartuko dutela dio. Idazteke dauden batzuk ere aipatu ditu: Adikzioak prebenitzeko V. plana; Kulturartekotasunaren, Immigrazioaren eta Bizikidetzaren I. Plana edota Animalien Ongizateari buruzko ordenantza berria.
Abenduan Laborda Obren zinegotzia zen baina hilabete horretan alkate izateko bideari ekin zion. Hartara, Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Ituna alde batera utzi behar izan zuen, baina gaur baieztatu du Borja Olazabal Obren ordezkariak heldu diola gaiari. Beraz, Udaltzaingoaren plantilla 2024rako handituko dela ziur dira.
CBAren bigarren fasea laster bukatuko dute eta “kultura garaikideenaren, musikaren eta gazteen topagunea” izango da. Irunek izango duen bigarren areto publikoa izango da, Amaia KZ-koarekin batera.
Erabilera anitzeko pabiloiaz ere aritu da eta proiektu hau 2024rako ez da amaituta egongo, agerikoa bazirudien ere. Aurtengo asmoa proiektua idaztea enkargatzea da eta Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin esertzea finantzaketa moduez solastatzeko. Kirol jarduera garrantzitsuetarako ez ezik, Gipuzkoak ekimen kultural erraldoiak duen gabeziari aurre egiteko balioko duela azaldu du alkateak.
San Migelgo Emigrazio eraikineko lanekin ere badabiltza eta laster irekiko dutela baieztatu du Labordak. Obrak nahiko aurreratuta daude eta heldu, haur eta bizilagun oroko partekatu eta goatzeko espazio dela dio. Bestalde, Arbes auzoan adinekoentzako bizitegi multzo bat eraikitzeko lehen urratsak emango dituzte. Horretarako Foru Aldundiarekin adostasunera iritsi behar dira.
Ekitaldiak
Lehen mailako ekitaldiak jasoko ditu Irunek aurten ere. Lehena, Korrika izango da martxoaren 14an, baina Euskal Herriko Itzulia ere Irundik hasiko da erlojupeko probarekin. Horrez gain, aurreratu du 2024ko San Pedro eta San Martzial jaietako programazioko ekitaldi garrantzitsuenak itxita daudela eta programa “berri-berri bat” izango dela aurtengoa. Bestalde, Dies Oiassonisek nobedade garrantzitsuak izango ditu.
Bizitzeko, lan egiteko eta ber ezagutzeko Irun
Irun “hiri eroso eta atsegina” dela dio Labordak eta milaka pertsonek lan egiten dutela bertan. Funtsezko hiru ardatz lantzen dabiltzala gogoratu du: berrikuntza, ezagutza eta ekintzailetza. Bide horretan, hiri barrutik berri bat sortzea bultzatuko dute aurten Via Irun inguruan, Aduanako eraikin berrian.
Etxebizitzekin jarraituta, Lapitzeko Alardea kaleko alokairu sozialeko 52 etxebizitzak esleituta daude eta laster hasiko dira bertako bizilagunak etxeetan sartzen. San Migelgo Lucas de Berroan gazteentzako apartamentuak egiteko obrak ere hasiko dituzte.
Turismoari buruz aipatu dute Irugurutzetako obrak hasiko dituztela eta Oiasso museoko terma erromatarrak urte bukaerarako estalita egongo dira.