Erritmoa hartu du Korrika hasi bitarteko lasterketa kulturalak
Lasterketa kulturala du martxoaren 14 egun handiaren aurretik Irunek. Bihar hasi eta martxoaren 2a bitarte euskarak plaza andana izango ditu hirian. 23. Korrika «anekdotikoa» ez izateko bidea da bihar hasiko dena.
Bi hilabete eskas falta dira 23.Korrika Irungo San Juan plazatik abia dadin, baina ordura arte AEK-k eta udalak ez dute geldirik egoteko asmorik. «Lasterketa» hasia dela iragarri dute Maddi Sanz Irungo Korrikako koordinatzaileak Nuria Alzaga Kultura ordezkariarekin eta Mattin Sorzabalbere AEK-ko kidearekin egindako gaur aurkezpenean.
Datozen bi hilabete hauetan Korrika kulturala egingo da irteera hirian eta asmoa da Korrika egun batera ez mugatzea eta Irun “ekitaldiz, kulturaz eta euskaraz” betetzea. Sanzen arabera hilabete hauek “garrantzitsuak” dira martxoaren 14a ez dadin “anekdotikoa” izan. Gainera, lasterka egiteko erritmoa neurtzen hasi nahi duenak badu dagoeneko horretarako beta Harro herri Maite Arroitajauregi Aranburuk zuzendutako abestia entzungai baitago.
Egitaraua larunbat honetan hasiko da Badon opera postdramatikoarekin. Korrika kulturalaren bekarekin ondu dute obra hau eta dagoeneko sarrerak eros daitezke. Aretoa betetzea “garrantzitsua” dela dio Sanzek. Horrez gain, doako ludoteka zerbitzua eskainiko da eta izena emateko aukera sarrera erosterakoan eskaintzen da.
Kateako Korrika Eguna
Aurten Korrika ez da Kateatik pasako. «Pena» dela dio AEK-k, auzo horren inplikazioa urteetan handia izan delako, baina ibilbideak hala izatea agintzen du oraingoan. Bada, lehenengo Korrika Eguna Katean egitea erabaki dute hilaren 20an eta egun potolo hau egiteko Irunabar Bertsoaren Bilguneak bultzadatxoa eman du.
Eguna altxorraren bila jokoarekin hasiko da 12:00etan Kateako pilotalekuan eta 10 eta 15 urte bitartekoentzat da. Segidan, 12:45an, trikipotea egingo dute pilotalekutik abiatuta eta auzoko tabernetatik pasatuz Auntxakoekin. Bazkalordurako bertso bazkari musikatua antolatu dute Irunabarreko kideek eta janaria Larrea janariakek jarriko du. Sarrerak urtarrilaren 14a baino lehen eskuratu behar dira Hazian, Depor, Aranaztarran, Otazpin, Nuevon edota Itzalan. Ondoren, skate tailerra egingo da eta 6 urtetik gorakoentzat da. Azkenik, kantu jira ondu dute Elatzeta elkartean 19:30ean.
- Hilak 13: Badon opera postdramatikoa 19:00ean Amaia KZn. 8 euro.
- Hilak 20: Kateako Korrika Eguna 12:00etan Katea auzoan. Haurrentzako jolasak, trikipoteoa, bertso bazkari musikatua, skate tailerra eta kantu jira. Bazkari musikatua 15 euro.
- Otsailak 18: Migrazioa eta nortasuna emanaldia Irungo Harrera Sarearekin elkarlanean Amaia KZn. Ordua zehazteke dago. Mugimendua, migrazioa eta hizkuntzak landuko dituzte.
- Otsailak 24: Larreaundiko Korrika Eguna 11:45etatik aurrera. Egitaraua zehazteke.
- Martxoak 2: Santiagoko Korrika Eguna.