Elkarrekin Irunek kiroldegiko tasen izoztea defendatu du
Erosahalmena %5 jaitsi denean kiroldegiko tasa %5 igo izana deitoratu dute. Tasen izoztea eta zerbitzuak publiko bilakatzea eskatu dute.
Elkarrekin Irunek urriko osoko bilkuran kiroldegitako tasen igoeraren aurka bozkatu zuela oroitu du eta tasak izozteko garaia dela argudiatu dute berriro ere. “Prezioen igoera orokorra pairatzen ari gara eta tasak izozteko momentua da” adierazi du Thania Pazos koalizioaren bozeramaileak. Erabakiak EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin egin zuen aurrera eta PP eta EH Bildu abstenitu egin zirela adierazi dute.
Euskadin erosahalmena %5 jaitsi dela diote eta “tasetan ere ehuneko kopuru hori igo da”. Kiroldegiko tasa ez dela igo den bakarra azaldu dute, baina bai izan dela “mingarriena”. Ez dela tasa lehen aldiz igo dena gogoratu dute: “2001 eta 2012ko igoerek ez zuten %5 gainditu”.
Garai horretan Artalekuren kudeaketa publikoa zela azaldu du Pazosek eta Azken Portu hasieratik pribatizatuta egon arren, abonuen prezioa ordenantza fiskaletan finkatzen zen. 2013an jarri zen martxan kiroldegien kudeaketa pribatua eta hiruhileko abonuaren prezioa %83 igo zen, hau da, 32,75 euro balio izatetik 60 euro balio izatera pasa zen.
Kudeaketa pribatuaren ondorioa dela kiroldegiko prezioaren igoera diote eta zerbitzua ematea garrantzitsuena izatetik negozio bilakatzera pasatzen dela. Hiriaren garapenerako garrantzi nagusia zerbitzu publikoari garrantzia ematea dela defendatu dute. “Elkarrekin Irunek kalitatezko zerbitzu publikoak dituen hiri eredua defendatuko du eta ez enpresa handiak saritzen dituen eredua. Horrelako arazoak iristen direnean udal gobernua babestu egiten da beste alderdien babesa jaso dutelakoan eta hori ez da egia. Guk aurka bozkatu genuen”. Gaineratu dute hiri eredu honek ez duela funtzionatzen hamarkada batzuetatik.