Argiekin marraztutako irudien erakusketa Kabigorrin
Dark Red Team argazki elkarteak urtarrilaren 11tik otsailaren 17 bitarte jarri ditu ikusgai 2023ko argazkien laburpena.
Dark Red Team gaueko argazkilaritzan eta argiekin irudiak sortzen aritzen da eta dagoeneko Irungo argazki elkarte bat da. Erakusketa bat jarri dute Kabigorrin urte hauetan egindako lana laburbiltzen eta urtarrilaren 11tik otsailaren 17 bitarte egongo da ikusgai. Helburua argazkilaritza mota hau jendearengana gerturatzea dela diote.
Ilunpeko argazkietatik eta irudiak argiarekin sortzetik “estilo propioa” garatu dutela azaldu du elkarteak eta horrek “erreferente! bilakatu diela nazio zein nazioarte mailan. Gaineratu dute Espainiako hainbat lekutan hitzaldiak ematen eta tailerrak eskaintzen aritu direla, hala nola, Madril, Asturias edota Valentzia.
Erakusketan ageri diren argazki guztiak plano bakarrekoak dira eta ez dituzte editatu. “Argitzeko argi iturriak soilik erabili diren irudiak dira, irudimen handia ere bai, eta prestaketa lan handia Elkartea osatzen dugun guztiontzat.. ” adierazi dute. Atzetik ordu askoko lana dagoela diote, proba ordu asko, alegia.