Ezker Anitzak kiroldegiko tasen %18ko igoera salatu du
Erabiltzaileei ez zaiela igoeraz informatu salatu dute. Halaber, bi kiroldegien kudeaketa publikoa izatea eskatu dute.
Irungo bi udal kiroldegietako tasen prezioa %18 igo da eta Ezker Anitzak salatu du herritarrei kalte larriak eragingo dion neurria dela. Adierazi dute ere argi geratu dela kudeaketa publikoa ez izatearen albo kaltea izan dela igoera. Halaber, udal kudeaketaren gardentasun falta agerian geratu dela arbuiatu dute tasen igoera ez jakinarazteagatik.
Urriko osoko bilkuran onartu zuten igoera eta Elkarrekin Irun koalizioa izan zela kontra egin zuen alderdi bakarra gogoratu dute. “Tasen igoera hau eredu garbia da ikusteko hartutako erabakien egoera zein den: herritarren ongizatea kontuan hartu gabeko neurriak dira eta bizilagunei zuzenean eragingo diena” adierazi du Santi Jimenez bozeramaileak. Gizartearen ongizatea kudeaketa publikoak bermatu dezakeela defendatu dute eta ez enpresa pribatuen interes ekonomikoek.
Ezker Anitzak salatu du “onartezina” dela tasen igoerari buruz herritarrak ez informatzea eta adierazi du herritar askok salatu dutela bankuko kuotaren kargarekin izan dutela tasaren igoeraren berri. Gizartearen eskubideekin udalak duen konpromiso falta eta gardentasun falta agerian geratu dela dio Jimenezek.
Udaletxeari eskatu diote berriz pentsa dezala kuotaren igoera eta susta dezala prozesu parte hartzaile bat kiroldegien erabiltzaileen ahotsa entzuteko eta alternatiba bat bidaltzeko herritarrei kuota igo baino lehen. “Esate baterako kiroldegiak udal kudeaketaren bidez kudeatzea denen interes eta probetxurako”.