Errege Magoen Irungo kabalkadaren ibilbidea egokitu dute
Antzarango plazatik hasiko da ibilbidea 18:30ean, eta segurtasunagatik desfileko parte hartzaileak gutxiago izango dira.
Klimatologia txarra aurreikusi dute gaur arratsalderako eta, hartara, aldaketak egin dituzte arratsaldean egitekoa den Errege Magoen kabalkadan. Hala, Geltoki kaletik irten beharrean Antzarango plazatik irtengo dira, Hondarribia etorbide ondoko eremutik.
Ordutegiari eutsi egin diote eta 18:30ean abiatuko dira, baina udaletxera iritsiera aurreratu egingo da eta 19:10ak aldera ailegatuko dira. Gainontzeko ibilbidea aurreikusi bezala egingo da.
Baltasar, Meltxor eta Gasparren segurtasuna bermatzeko eserita agurtuko dute. Desfileko erraldoiak eta buruhandiak kendu egingo dituzte segurtasunagatik eta, oro har, parte hartzaileen kopurua murriztuko da.
Trafikoa eteteari dagokionez, aldaketa bakarra egongo da: Hondarribia kalea 17:15etan itxiko da, 18:00etan itxi beharrean, aurreikusita zegoen bezala.