Bidasoko Kontseilu Sozialista Euskal Herrikoarekin batera arituko da lanean
Atzo aurkeztu zuten EHKS Bidasoan eta identifikatu dituzten zazpi lan lerroak izango ditu ardatz BKSk "alternatiba sozialista" eratzeko.
Eratu berri den Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) aurkezpena egin zuen atzo Irunen. Mugimendu sozialistaren antolakunde nagusia izango da eta Bidasoko Kontseilu Sozialistak (BKS) bere jardunean segituko du, estruktura nazionalean txertatuko delarik.
Orain arte kontseiluak maila lokalean zeuden soilik antolaturik eta marko nazionalera salto egitea erabaki dute. Batetik, “militante kopurua hazi” delako eta horrek “ahalbidetu” egiten duelako jauzia, eta, bestetik, une politiko honetan “beharrezkoa” ikusten dutelako izaera lokala gainditzea.
EHKSk zazpi lan lerro identifikatu ditu estrategia sozialista gisa, eta horiek plano mediatikoaren lehen lerroan jorratzen arituko dira. Lerro horiek honako hauek dira:
- Gerra inperialistaren aurkako eta NATOren aurkako borroka.
- Lehen lerroan dauden erreforma autoritarioei alternatiba ematea.
- Borroka ekonomikoa: etxebizitza eskubidea bermatzea eta soldaten borroka; autodeterminazioaren eskubidearen defentsa.
- Ekosistemaren suntsipenaren aurkako borroka eta mega proiektuen kontrako borroka.
- Langileriaren autodeterminazio eskubidea loturik nazio gutxituen eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearekin.
- Emakumeen zapalkuntza borrokatzeko eskubidea.
- Amnistia. Kartzelak preso politikoz beteta daude eta haien askatasuna bermatzeko, amnistia.
BKS 2020an sortu zen eta ordutik hiru lan lerro dira landu dituztenak: Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugaren problematika; gerra inperialistaren kontrako borroka eta NATO desagertzearen borroka; eta memoria historikoaren lanketa. Aurrerantzean maila nazionalean landuko dituzten lerro guztietan jarduten arituko dira.
Testuingurua
Aurkezpenaren hasieran, baina, testuinguruan jarri nahi izan zuten zer den Euskal Herriko mugimendu sozialista eta nola iritsi diren EHKS sortzeraino.
“Krisi kapitalista” baten garaia dela egungoa adierazi zuten eta “masa zabalen proletarizazio prozesua” gertatzen ari dela. Aldi berean, ziklo politiko baten hasiera dela honakoa diote, “60 urte iraun duen langile borroka itxi da”. Gaineratu zuten “Sobietar Batasunaren porrotaren segizioan” aritu dela orain arte euskal langile borroka eta horren amaiera iritsia zela.
Egun, “burgesiaren ofentsiban” bizi dela langile klasea azaldu dute eta “klase ertain eta burgesaren interesak” defendatzen dituztela politikari profesionalek. “Langileria politikoki umezurtz” ikusi zuten duela urtebete eta horregatik eratu dute alternatiba sozialista deritzona.
Klase ertain eta burgesaren interesen defentsa egiten dutela azaltzeko eredu gisa jarri dute mozal legea ez deuseztatzea, “kontuan hartuta Espainiako gobernu progresistena omen dela egungoa”.