Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babesteko eskatu dute
Espainiako Gobernuak egin du eskaera Natura 2000 Sarearen baitan. Eguzki talde ekologista "pozik" agertu da albistearen aurrean.
Espainiako Gobernuak sei itsas eremu berri babesteko eskaera egin berri dio Europako Batzordeari eta sei eremu horien artean aurkitzen da Jaizkibel-Capbreton itsas eremua. Eskaera Natura 2000 Sarearen baitan egin da, hau da, biodibertsitatea kontserbatzeko eremuen Europako sare ekologikoaren baitan. Gobernu zentralak 2030 urterako lurreko zein itsasoko %30a babestua izateko konpromisoa hartu zuen eta horri jarraiki luzatu du itsas eremu berri hauek izendatzeko proposamena.
Albisteaz jabetuta “pozik” agertu da Eguzki talde ekologista eta “behin betiko urratsa ez den arren, oso urrats garrantzitsua” dela esan dute. Eguzkiren arabera eremuak 1.500 km²-ko azalera du eta kostatik, Igeldoko itsaslabarretatik Higer lurmuturreraino, itsasorantz zabaltzen da. Eskaera onartuko balitz, Lapurdiko itsasertzaren aurrean babestuta dauden beste eremu batzuk kontuan hartuta, Atlantikoko eremu babestu handienetako bat bihurtu daitekeela gaineratu dute.
Ekologistek nabarmendu dutenez urteak daramatzate itsas erreserba “errebindikatzen”, batez ere, “Hego Euskal Herrian itsas eremu babestuen eskasia oso-oso deigarria” egiten zaielako.
Itsas eremuak babesteko arrazoia “Europar Batasunak garrantzizkotzat jotzen dituen espezie eta habitat naturalak bertan izatea” dela azaldu dute eta Jaizkibel-Capbretonen kasuan, “itsas ugaztunak (izurde handia, Tursiops truncatus, kasu), arrezifeak eta urpeko leizeak. Oro har, arrantza-baliabideei eta biodibertsitateari eusteko funtsezko ekosistemak dira”.
Babes eremua izendatzeko proposamena gauzatuko balitz, gaur egun Jaizkibel-Capbreton eremuan dauden “hainbat arazo konpontzeko” balioko lukeela uste du Eguzkik. Hala nola, hondakin-uren saneamenduan dauden gabeziak, neurriz gaineko arrantza, itsasertzaren artifizializazioa, jarduera nautiko gehiegizkoak, hondakin solidoak edota kontrolik gabeko urpekaritza.
Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babestea eskatzeaz gain, bost eremu babesteko eskaera egin dute ere. Zehazki, Gibraltarren, Kanarietan, Galizian, Balear Uharteetan edota Katalunian dauden zenbait eremu.