Auzoetara gerturatuko dute bakardadea prebenitzeko programa
Lapitze, Katea eta Artiako auzo elkartean izango dira arreta eskaintzen urtebetez, printzipioz.
Hamarkada bat baino gehiago dauka bakardade eta isolamendu egoerak detektatzeko udalaren programak. EAEn aitzindaria izan zen eta bi ardatz nagusi ditu: prebentzioa eta komunitatean integratutako zahartze aktiboa sustatzea.
Oraingoan programa Irungo auzo batzuetara gerturatuko dute Nuria Alzaga Gizarte Ongizateko ordezkariak azaldu duenez: “Zerbitzua auzoen bihotzera eramanda, isolamendu arazoak goiz detektatzea erraztuko du, eta egoera hori konpontzen duten baliabideak eta tresnak behar dituzten pertsonen eskura jartzea ahalbidetuko du”.
Artia, Katea eta Lapitzera gerturatuko dituzte hain zuzen eta urtebete egongo dira, oraingoz. Irungo hiru auzo horien erradiografia egiteko baliatuko dute gerturatzea eta helburua izango da auzo bakoitzak zer baliabide eskaintzen dituen jakitea. Era horretan, 60 urtetik gora dituztenen isolamendu edo bakardade egoera jakin batzuetan babesa eskaini nahi dute.
Hainbat faktore aztertuko dituzte, hala nola, auzoko kultura jarduerak, babes taldeak, gizarte eragileak, auzokoen laguntzak eta auzoak dauden zerbitzuak, adibidez, farmaziak. Horrela, zehaztasun handiagoarekin ahalko dutela eman banakako arreta pertsona bakoitzari azaldu dute. “Modu integralean informatu eta aholkatu ahal izango zaio auzoan nahiz udalerrian dauden zerbitzuei buruz”.
Pertsonei arreta zuzena emateko fase hau datorren astean hasiko dute. Astean behin eta ordubetez, udaleko profesional bat auzo bakoitzeko auzo elkartera joango da, herritarrei zerbitzua hurbilagotik emateko eta hala eskatzen duen pertsonari informazio eraginkorragoa emateko.
Taldekako tailerrak ere eskainiko dira isolatze sozialean edota bakardadearen adierazleak erakusten dituzten pertsonei. Tailer horiek astean ordubete egingo dira eta hainbat gai landuko dituzte; jarduera jakin batzuetan parte hartzea sustatuko da, zaletasunak eta interesak identifikatuko dira, parte hartzea eta talde dinamikak landuko dira ere.
Hiru auzoetan arreta emateko ordutegiak:
– Lapitzeko auzo elkartean: astelehenetan, 16:00etatik 18:00etara.
– Kateako auzo elkartean: astearteetan, 10:00etatik 12:00etara.
– Artiako auzo elkartean: astelehenetan, 11.45etik 13:45era.