Udal aurrekontuak onartu dituzte PSE-EEren eta EAJren babesarekin
100 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu historikoak adostu dituzte sozialistek eta jeltzaleek. PP abstenitu egin zen eta EH Bilduk eta Elkarrekinek kontra bozkatu zuten.
Joan den abenduaren 29an egin zen osoko bilkuran onartu zuten 1.239.500 euroko zuzenketak eta, beraz, aurtengo aurrekontua. Horretarako, PSE-EEk gehiengo osoa ez duenez babesa bilatu behar izan du eta hori zazpi ordezkari dituen EAJk eman dio. Hala, 17 udalkideen aldeko botoekin “egonkortasuna eta lasaitasuna” bermatuko dituzten aurrekontuak bermatu dituzte.
Lehen aldiz 100 milioi euro baino gehiagokoa izango da Irungo udal aurrekontua, iaz baino 9 milioi euro gehiago. 102.252.565,61 eurokoa izango da, hain zuzen ere.
Bide horretan, PP abstenitu egin da eta Iñigo Manrique bozeramaileak azaldu du”ordezkatuta” ikusten direla aurrekontuetan eta hargatik ez dutela kontra bozkatu, baina abstenitu egin direla “eginbeharrak” daudelako.
Bestalde, Elkarrekin-Podemos eta EH Bilduk aurka bozkatu zuten. Thania Pazos koalizio moreko ordezkariak adierazi zuen udal gobernuak ez duela “negoziatzeko borondaterik” izan ez eta “akordioa lortzeko inolako interesik ere”. Fokua jarri du kudeaketa publikoko eredua aldatzeko “aukera galdu dela”, eta, bestetik, funtzionatzen ez duen hiri eredua aldatzeko urratsa izan behar zutela aurrekontuek.
EH Bilduko bozeramaile Oihana Brionesek gogoratu du aurreko agintaldian “akordio garrantzitsuak” lortu zituztela alokairuzko etxebizitza publikoen eta gazteria arloan eta laster horren fruituak jasoko dituztela. Brionesek dio “anbizioarekin” jokatu zutela eta herritarren bizitzak “nabarmen hobetuko” dituzten proposamenak ez badaude mahai gainean ez direla adostasunera iritsiko azaldu du. Hartara, kontrako botoa eman zuten.
Hamalau zuzenketa
Hamalau zuzenketa gehitu dizkiote udal gobernuak proposatutako aurrekontuei 853.500 eurokoak eta aparkalekuei, euskarari eta kirol instalazioei buruzkoak izan direla azaldu dute. Ekonomiari buruzko zuzenketez gain, enplegu publikoa antolatzeko 2023-2017 aldiko planaren barruan Udaltzaingoaren plantilla agenteen kopurua handitzearen konpromisoa hartu dute.
Xabier Iridoi EAJren bozeramaileak azaldu du ia milioi bat euroko zuzenketa egin dutela eta aurtengo aurrekontuek “norabide finkoa” eskaintzen diola Iruni. Udal gobernu “egonkor eta indartsua” eskaintzeko bidea ireki dela ere uste du Iridoik.
PSE-EEk eta EAJk lortutako akordioan 2025etik 2027ra bitartean Udaltzaingoko agente kopurua haztea bermatuta egotea adostu dute. Azaldu dutenez herritarrek “hainbeste eskatzen duten” segurtasun eta bizikidetza gaiei eustea litzateke erabaki hau.
Bestelako beharrizanei ere erantzuteko akordioak erdietsi dituztela ere adierazi dute eta hurrenez hurren zerrendatu: “Txenpereneako kirol instalazioen aurrerapausoa, baita bertako eremuaren garapena; San Migel-Anaka inguruan kiroldegi berri baten beharra aztertzea; Larreaundi eta Dunboa auzoetan lurpeko aparkalekuak bultzatzea; haurrentzako euskarazko zinemaren ekimena sendotzea; dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako Amaia KZko irisgarritasuna hobetzea; gure hiriko prostituzioaren egoerari erantzutea; hiria klima aldaketara egokitzea; lorategiak eta zuhaitzak ugaritzea; eta auzobideak hobetzea”.