Txinzerreko presidente berria da Cristina Laborda
Ezohiko batzarrean erabaki zuten gehiengo osoarekin Laborda izango dela Santanoren presidente lekukotza hartuko duena.
Ez ohiko batzarra egin zuen Txinzerrek iragan astean. Jada iragarritako ura eta hondakin bilketen tarifen igoera, mankomunitatearen aurrekontua eta presidente berria izendatzea izan zituzten gai ordenan.
Jose Antonio Santano izan da orain arte presidente baina uko egin zion erakunde honen eta alkate karguei azaroan. Beraz, aldeko 58 botoekin, hau da, gehiengo osoarekin izendatu dute Cristina Laborda Albolea Txinzerren presidente.
2024rako aurrekontu bateratua (mankomunitatearena eta Txingudiko Zerbitzuak sozietatearena batuta) 36.601.473 eurokoa da guztira. Uraren ziklo integralera 16.730.733 euro bideratu dituzte; hondakinen kudeaketara 8.928.802 euro; eta hiri garbiketara 5.785.729 euro.
2024an goraka egingo dute tarifek eta igoeraren helburua “erakundearen inbertsio-ahalmena berreskuratzea, jardunbide iraunkorrak sustatzea eta Europar Batasunak ezarritako ingurumen helburuak betetzea” dela azaldu dute.
Aldiz, tarifa igoeraren arrazoia “hainbat alorretan izan den prezio gorakada orokortua” dela diote, esaterako, gasolioarena, energiarena, materialena, kontratu berrien eta lan kostuen hornidurarena.
Igoera, hondakin organikoan eta uran
Materia organikoa bereizten duten familiek %5eko igoera (0,57 euro hilean) izango dute haien tarifan, 2017tik lehen aldiz. Materia organikoa bereizten ez duten etxeetan igoera, berriz, %10ekoa izango da aurreko urtearekiko. Tarifaren handitzearekin edukiontzi marroiaren erabilera sustatu nahi dutela adierazi du Txinzerrek.
Organikoa birziklatzen eta birziklatzen ez dutenen arteko urteko ordainagiriaren aldea 102,98 eurokoa izango da 2024an. Era horretan, lehen aldia izango da 100 euroko aldea gaindituko dela organikoaren birziklatzaileen eta ez direnen artean. Tarifaren igoerak etorkizunera begira mesede egingo diela organikoa bereizten dutenei azaldu dute, “neurri horiek funtsezkoak baitira 2030erako birziklatzearen %70eko helburua lortzeko”.
Etxekoak ez diren abonatuen eta sortzaile handien kasuan tasa %10 handituko da eta azaldu dute harpidedun guztiei tasa linealki igo izan bazieten, %8,67 gehituko litzaiekeela denei.
Uraren tarifa igotzera “behartuta” daudela adierazi dute eta igoera %7,5ekoa izango da, hilean 1,90 euroko igoera batez besteko kontsumoa duen familia batentzat. Gogoratu dute 2018tik tasak %3,31 igo direla eta gaineratu dute aldi horretan KPI %18 igo dela ere. “Oinarrizko zerbitzuek inbertsio beharra dute, eta hemendik 25 urtera behar bezala funtzionatuko duten zerbitzuak izateko egoera kritikoan geunden”.
2024ko tarifen igoerarekin inbertsio ahalmena %17,5 igoko dela aurreikusi dute, 2023koarekin alderatuta. Hartara, 2025 Inbertsio Planean planifikatutako inbertsio jarduketekin jarraitu eta azpiegiturak mantendu ahalko dute, hala nola, ekaitz tanke batzuk, uholdeak minimizatzeko eta lehen prezipitazioetan ibaietara egiten diren isurketak murriztu, ibaietako ur-masak hobetu eta, horrela, klima aldaketara egokitzeko.