Korrika kulturala hastera doa
Hilaren 11n ibilbidea aurkeztuko dute; hilaren 12an bigarren Korrika batzordea egingo da; hilaren 13an Badon opera izango da Amaia KZn; eta hilaren 20an Korrika eguna.
Bi hilabete eta erdi falta dira Korrika Irundik abia dadin eta soilik aste bat falta da giro berotzen hasteko Korrika kulturala has dadin. Irungo AEK-k pilulaka iragartzen hasi da hiriko programazioa eta urtarrilekoaren berri eman du.
Hilabete igaro da Harro herri deituriko abestia aurkeztu zutenetik, Maite Arroitajauregi Mursego-k zuzendutako lana. Laster, berriz, Korrikaren ibilbidearen berri emango dute eta hori hilaren 11n izango da.
Hilaren 12a lanean segitzeko eguna izango da, Irungo Korrika batzordearen bigarren bilera egingo baita. Aurtengo Korrika berezia izatea denen eskuetan dagoela azaldu zuen AEK-k eta parte hartzea neurtzeko txantiloi bat ere zabaldu zuten.
Irunen fokua jarriz gero, lehen ekitaldia hilaren 13an izango da eta Badon opera postdramatikoa taularatuko dute Amaia Antzokian. Korrika kulturalaren bekarekin ondu dute obra hau eta dagoeneko sarrerak eros daitezke.
Azkenik, hilaren 20an Katean korrika eguna ospatuko dute Irunabarren eskutik. Bertso bazkari musikatua antolatu dute Landetxa auzo elkartean eta tiketak dagoeneko eros daitezke 15 euroan Hazia, Depor, Aranaztarra, Otazpi Berri eta Itzala ostatuetan. Menu beganoa ere izango da eta hala nahi duenak telefonoz eskatu beharko du 747 425 434 telefono zenbakira deituta. Sarrerak erosteko azken eguna urtarrilaren 14a da.