Errege Magoen iritsieraren berri eman dute
Gutunak hilaren 4ean jasoko dituzte Errege Magoen laguntzaileek, eta hilaren 5eko desfilea Geltoki kaletik abiatuko dute.
Trenez iritsiko dira aurten ere Errege Magoak hilaren 5ean, hain zuzen ere. Aurretik, baina, hilaren 4ean, Errege Magoen laguntzaileek eskutitzak jasoko dituzte udaletxean 16:00etatik 20:00etara bitartean. Ilara luzeak eta itxaronaldia arintzeko animazio jarduerak eskainiko dituzte San Juan plazan.
Urtarrilaren 5ean izango da Meltxor, Gaspar eta Baltasar agurtzeko eguna eta desfilea abiatuko dute horretarako 18:30ean. Haien iritsiera ikusi nahi dutenek 18:00etan egon beharko dute Geltoki kalean. Desfilearen bukaera, berriz, 19:25an izango da udaletxeko balkoian eta bertatik hitza hartuko dute Erregeek.
Aurten, berrikuntza bat izango da ere. Desfilearen aurretik, Erregeen postariak joango dira, bizikleta gainean, azken eskutitzak jasotzen eta ibilbide osoan goxokiak eta Erregeen banderatxoak banatzen.