EAJren zaintza ereduari buruzko mozioa "aurpegi garbiketa eta grebaren kontrako ofentsiba" dela salatu du EH Bilduk
Jeltzaleei "edukirik gabeko estrategia komunikatibo bat lehenestea" egotzi zieten, eta ostegun honetako greba feminista orokorra "babestu eta bidaliko den mezua entzuteko unea" dela azaldu.
Pasa den azaroaren 24an egin zen osoko bilkuran EAJk mozio bat aurkeztu zuen zaintza eredu “sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario” baten alde eta ez zen onartua izan, soilik EAJk babestu zuen.
EH Bilduk kontra egiteko argudiatu zuen jeltzaleek aurkeztutako mozioa “aurpegi garbiketa eta grebaren kontrako ofentsiba betean dator”.
Mozioaren “edukiari eta aurkeztu den moduari” erreparatu diote eta EAJk ez duela “zaintza eredu berri baten aldeko itun soziala lortzeko helbururik” uste dute. Datorren osteguneko greba orokor feministak “zaintza erdigunean” jartzea du asmo eta jeltzaleek hori babestu eta bultzatu beharrean, “edukirik gabeko estrategia komunikatibo bat lehenestea” egotzi diote.
Oihana Briones bozeramaileak “EH Bildutik herritarren zaintza eta babesa erdigunean jarriko duen herri proiektu bat” eraiki nahi duela mahai gaineratu du, eta horretan “buru belarri” lanean dabiltzala instituzio desberdinetan. “Baina EAJk beste alde batera begiratu izan du. Jaurlaritzatik zaintza eredu zehatz bat elikatu da urte hauetan”.
Egungo zaintza sistema “EAJren politiken ondorio zuzena” izatea, eta pasa den ostiralean, mugimendu feministak antolatutako greba orokorraren atarian mozio bat aurkeztu izana deitoratu dute. “Ordezkari publiko garenok Azaroaren 30ean mugimendu feministak zabalduko duen mezua entzun eta horren gainean hausnartu behar dugu” hausnartu du segidan Brionesek. “Greba hau babestu eta bidaliko den mezua entzuteko unea da, ez fokoa beste leku batera eramateko mozioak aurkeztekoa”.
Amaitzeko, koalizio subiranistak balioan jarri ditu zaintzaren gainean lanean dabiltzan “mugimendu feminista, sindikatuak, eragile sozial ezberdinak eta hirugarren sektorea”. Horien guztien hausnarketa, ekimena eta proposamenak “ezinbestekotzat” jo ditu “zaintza eredu duin bat eraikitze aldera”.