Santanoren ondorengotza hasiko dira erabakitzen gaur, ezohiko osoko bilkuran
Gaurko bozketan alkatea aukeratuko ez balitz, datorren hamar egunetan egin beharko dute. Bien bitartean, Miguel Angel Paez litzateke behin behineko alkate.
Joan den larunbatean iragarri zuen egungo Jose Antonio Santanok alkate izateari utziko ziola 21 urtez aginte makila izan ondoren. Arrazoia, Espainiako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu idazkari izatera igaroko dela izan da, eta trantsizio hori, dagoeneko, hastear dago, gaur hasiko baitu udalbatzak alkate berria aukeratzeko prozesua, osoko bilkuran, 17:30ean.
Gaurko osoko bilkuraren deialdiko gakoa Santano ordezkatuko duen pertsona aukeratzea bada ere, ordezkorik gabe buka daiteke osoko bilkura. Hala izatekotan, udalbatzak hamar egun baliodun izango ditu alkate berria aukeratzeko, eta hamar egun horietan Miguel Angel Paez izango da behin behineko alkatea.
Nahiz eta, agian, alkate berririk ez izendatu, Santanok aktari uko egingo dio eta alkate kargua utziko du.
Gaur gaurkoz, lehen alkateordea Paez da, eta 1995tik da zinegotzia Irungo Udalean. Dena den, PSE-EEren zerrendetan bigarren joan den Cristina Laborda bigarren alkateordea bada ere alkate berria izateko hautagaia. Labordak 1999an hartu zuen lehen aldiz zinegotzi kargua.