Hunkituta utzi du kargua Jose Antonio Santanok 21 urteren ondoren
Gaurko ezohiko osoko bilkuraren deialdian uko egin dio alkate, lehendakari eta zinegotzi karguei Santanok. Datozen hamar egunetan alkate berria izendatzeko ezohiko bilkura deituko da.
Joan den larunbatean iragarri zuen egungo Jose Antonio Santanok alkate izateari utziko ziola 21 urtez aginte makila izan ondoren. Arrazoia, Espainiako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu idazkari izatera igaroko dela izan da, eta trantsizio hori, dagoeneko, hastear dago, gaur hasi baitu udalbatzak alkate berria aukeratzeko prozesua, osoko bilkuran, 17:30ean.
Gaurko ezohiko osoko bilkuraren deialdian uko egin dio alkate, lehendakari eta zinegotzi karguei Santanok. Behin behinean Miguel Angel Paez izango da alkatea eta berak egin beharko du datozen hamar egunetan ezohiko bilkurarako deia hurrengo alkatea bozkatu ahal izateko.
Horrez gain, Santanoren irteerarekin, PSE-EEko zerrendetan 11. izan zen Sergio Corchon Arretxe itzuliko da udalbatzara. 2019an bukatutako agintaldian Ongizate ordezkaria izan zen.
Eskerren ezohiko bilkura
Paezena izan da lehen hitza eta gaurko agurra “zaila” dela adierazi du “lagun gisa eta sozialisten ordezkari gisa”. Herriari emandakoa eskertu dio eta “Irun zuri esker hobea da” adierazi du.
Segidan, 21 urte hauetan gauzatutako proiektu batzuk zerrendatu ditu: “pabiloi berria, Anaka eta San Migelek garapena, Landetxako auzoaren biziberritzea eta Via Irun”. Gainontzeko udalbatzako ordezkari guztiek eskerrak eman dizkiote alkateari Irunengatik egindako lanagatik, oro har.
Santano hunkituta altxatu da azken agurra ematera eta lehen hitzak euskaraz egin ditu: “Oso harro nago Irunez eta eduki duen bilakaeraz. Gaur alkate izateari utziko diot eta bihotzean eramango dut Irun”.
Segidan, esker emate luzea hasi du Santanok, udalbatzako kideei, langile publikoei, bozkatu dieten herritarrei eta berarengan konfiantza hartu dutenei. Azkenik, hunkidura handiarekin familiari eman dio eskerrak “nire benetako pasioa ulertu izanagatik”.
Asko disfrutatu duen urteak izan direla uste du. “Urte ziragarriak eta biziak izan dira eta asko gozatu ditut. Pribilegioa izan da eta une bikainak partekatu ditut”. Bestalde, eskoltatuta hasi zuela ibilbide politikoa zela oroitu du ere, baina ETAk jarduna eten zuenean “askeagoa” izan zela eta “lanera autobusez egunero joan dela”.
“Irun beti bihotzean izango du eta gora Irun” izan dira bozketa aurretiko bere azken hitzak.