[Argazkiekin] Indarkeria Matxista gaitzetsi dute Irunen
Mobilizazio desberdinak egin zituzten larunbatean, Itaiak, udalak eta M8 Asanblada Feministak. Azken horiek, "pornografia eta prostituzioa indarkeria matxista" dela izan zuten hizpide Txingudiko bailaran.
Larunbatean, Indarkeria Matxistaren Kontrako egunean hiru deialdi eta mobilizazio egin ziren Irunen, biolentzia matxistaren bukatzea eskatzeko. 2023ko urtarriletik irailera 224 salaketa jarri dira indarkeria matxistagatik Irunen, eta Irungo Ertzain Etxean 226 emakume daude epailearen aginduz babestuta.
Udala izan zen kalera irteten lehena, eta 12:00etan, “Irun indarkeria matxistaren aurka” leloaren atzean bildu ziren udalbatza osatzen duten kideak, eta hainbat herritar, San Juan plazan. Horrez gain, udalak adierazpen instituzionala publiko egin zuen aurreko egunean eta hizpide izan zuten adingabekoen kontrako indarkeria matxista salaketen igoera.
San Juan plaza egin zuen mobilizazioa ere Bidasoko Itaiak “Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki” izan zen aldarri nagusia. “Indarkeria matxistarekin amaitzeko konpromisoa” berretsi eta “norabide horretan borrokatzeko beharra” izan zituzten ardatz.
Azkenik, M8 Asanblada Feministak deituta elkarretaratzeak egin ziren Hendaian, Hondarribian eta Irunen. Hendaian, Etorbidearen zubiko Maritxu Anatol plazatxoan elkartu ziren, eta aurten Frantzian biolentzia matxistak hildako 121 emakumeak eta Espainiako Estatuan matxismoak hildako 93 biktimak gogoratu zituzten.
“Pornoaren kontsumoa geroz eta goiztiarragoak emakumeak kosifikatu eta eredu heteropatriarkala indartzen duela, eta Irunen geroz eta zabalduagoa dagoen prostituzioa ere indarkeria matxista” dela salatu zuten.
Hiru deialdi egin bazituzten ere, ekitaldi nagusia Irungo Zabaltza plazan egin zuten. Asanbladaren mezua argia zen: “Pornoa eta prostituzioa indarkeria matxista dira”. Baina, garbi geratu zen ere desadostasun handia dagoela baieztapen horren gainean, eta “puritarismorik ez, pornofobiarik ez, eta sexu heziketa integral feminista” edota “eskubide guztiak putentzat” oihukatu zuten hainbat herritarrek.