Oarso Bidasoan %6,89 egin dute gora indarkeria matxistagatik jarritako salaketek
Oarso Bidasoan 434 salaketa erregistratu dira 2023an, iaz baino %6,89 gehiago. Bizkai, Gipuzkoa eta Araban %6,2ko hazkundea izan dute indarkeria matxistagatik jarritako salaketek.
Biharkoa Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da. HITZAk Oarsoaldean eta Irun nahiz Hondarribian indarkeria matxistagatik jarri diren salaketen kopuruak mahai gaineratu ditu. Bildutako datuak, 2022ko urtarriletik irailera eta 2023ko urtarriletik irailera bitartekoak dira. Oarso Bidasoan 434 salaketa erregistratu dira 2023an, iaz baino %6,89 gehiago. Bizkai, Gipuzkoa eta Araban, aldiz, %6,2ko hazkundea izan dute indarkeria matxistagatik jarritako salaketek.
Irungo Ertzain Etxearen bitartez eta epailearen aginduz babestuta dauden emakumeak 226 dira Irun eta Hondarribian, eta Oarsoaldean, Errenteriako Ertzain Etxearen bidez babesa dutenak, berriz, 212 emakume.
Datuak, herriz herri
Ertzaintzak emandako salaketa datuak hiru salaketa motetan bereizten dira: bikotea edo bikote ohiarenak, familia barrukoak, eta askatasun sexualaren kontrakoak.
- Errenteria-Orereta: 2022tik 2023ra %1,02 igo da salaketen kopurua, eta guztira 99 salaketa jarri dira aurten. Gorakada handia izan dute askatasun sexualaren aurkako salaketek, aurten 10 izan direlako, eta, iaz, 3 emakumek jarri zuten salaketa. Beraz, %233,33 igo dira Errenteria-Oreretan. Bikote edota bikote ohiagatik jarritako salaketak %7,69 gutxiago izan dira 2022arekin alderatuta, eta familia barruko salaketa kopurua berdina izan da bi urteetan: 17 izan dira.
- Hondarribia: 2022tik 2023ra %90,91 igo dira indarkeria matxistagatik jarritako salaketak Hondarribian. Bikote edota bikote ohiek egindako salaketak, iaz, 14 izan ziren, eta 2023an 31 salaketa berri jarri dira. Horrek %121,43ko igoera adierazten du. Bestetik, askatasun sexualaren kontrako salaketak %200 igo dira. Iaz, bi salaketa jarri ziren herrian, eta aurten sei izan dira egindako salaketak, eta, beraz, %200 hazi da salaketa horien kopurua. Familia barruko salaketei dagokienez, %16,67 jaitsi dira, iaz sei salaketa jarri baitziren eta aurten bost izan dira salatutakoak.
- Irun: 2022tik 2023ra %12 igo dira indarkeria matxistagatik jarritako salaketak. Bikote edo bikote ohiak egindakoengatik 167 emakumek jarri dute salaketa, eta, 2022an, 142 izan ziren erregistratutakoak. Beraz, %17,61eko igoera izan da. Familia barruan gertatutako indarkeria matxista kasuen salaketek ere %5,56 gora egin dute Irunen. Beherakada izan da, aldiz, askatasun sexualaren kontra eginagatik jarritako salaketetan: aurten 19 izan dira, eta, iaz, 22.
- Lezo: 2022tik 2023ra %26,67 jaitsi dira indarkeria matxistagatik jarritako salaketak Lezon. Aurten ez dira erregistratu askatasun sexualaren kontrakoak. Bai, aldiz, bikote edota bikote ohiak egindakoak, eta horiek 10 izan dira: iaz 12 izan ziren. Familia barruko kasu baten salaketa jarri da herrian, 2022an baino bi salaketa gutxiago, hau da, %66,67 jaitsiera izan da.
- Oiartzun: 2022tik 2023ra 11 salaketa gutxiago erregistratu dira Oiartzunen, %44 gutxiago, hain zuzen ere. Bikote edota bikote ohiagatik jasotako indarkeria matxistagatik hamahiru salaketa izan dira, eta 2022an zazpi izan ziren. Beraz, %85,71 igo da erlazio horrekin lotutako salaketak. Familia barruko kasu baten salaketa jarri da herrian, iaz 15 izan ziren salaketa horiek. Azkenik, aurten askatasun sexualaren kontrako salaketarik ez da jarri.
- Pasaia: 2022tik 2023ra bi salaketa gutxiago erregistratu dira Pasaian, hau da, 44 salaketa jarri dira. Bikote edo bikote ohiak egindakoak 32 izan dira, iaz baino bat gehiago. Familia barruko kasuei dagozkien 11 salaketa jarri dira, iaz baino bi gutxiago. Askatasun sexualaren kontrako salaketa bat jarri da, iaz baino bat gutxiago.