[Erreportajea] Babesa, sendatzea eta kontrola
Oarso Bidasoan biolentzia matxistaren biktimentzako dauden babes eta sendatze baliabideak izan ditu hizpide urruntze agindua jarrita daukan eskualdeko biktima batek. EAE osoan ez direla berberak deitoratu du, eta erasotzaileak kontrolatzearekin bat egin du.

Indarkeria matxistaren biktima direnen erasotzaileak «zuzenean» kontrolatzea aztertzen ari direla iragarri zuen Eusko Legebiltzarrean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, hilaren 3an. Hark azaldu zuen zenbaitetan emakumeek «dependentzia handia» dutela tratu txarren emaileekin, eta kasu horietan, babes neurriak «zorroztea» proposatu zuen.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan izan diren bi kasuren harira izan zuten hizpide gaia legebiltzarrean. Batetik, urriaren 21ean Gipuzkoako tutoretzapeko gune batetik joan egin zen emakume batena, ustez tratu txarren emailearekin; eta bestetik, maiatzean Gasteizen izandako hilketa matxistarena. Bi kasuetan urruntze agindua ezarrita zegoen, baina zein babes ematen die horrek biktimei? Hitza-k Oarso Bidasoan bizi, eta urteak urruntze aginduarekin bizi den biolentzia matxistaren biktima den Ana Iparrarekin hitz egin du auzi horren gainean. [Izen abizenak asmatutakoak dira].
Iparraren familiak 2017an jarri zuen lehen salaketa, Iparrak tratu txarren emailearen etxean bost egunez bahituta pasa eta hiru egunez konortea galduta izan ondoren. «Zortea» izan zuela du gogoan biktimak, erasotzaileak pertsona bati atea ireki baitzion egun horietan, eta pertsona horrek Iparrari argazkiak atera eta salaketa jartzeko froga bat sortu zuen. «Argazki horiengatik ez balitz, gaitzetsi egingo zuten nire kasua», esan du. Ezingo zuen salaketarik jarri.
Behin salaketa eta urruntze agindua jarrita, harekiko babes neurriak aktibatu zituen Ertzaintzak, hala nola, bere etxe ingurua zaintzea. Baina Iparrak zalantzan jarri du hori babes neurri bat izatea, eta batzuetan, gainera, «engainatua» ere sentitu izan zela azaldu du: «Batzuetan uste izan dut nire etxetik pasatzen ari direla babesa emateko, baina itzuli bat besterik ez dute egiten. Gainera, nahi dutenean egiten dituzte itzuli horiek». Iparraren ustea da poliziek pentsa dezaketela ez dagoela arriskurik, eta horregatik uzten diotela pasatzeari. «Baina, beraiek zer jakingo dute? Agian tratu txarren emailearen estrategia da hori, egun batzuetan ez agertzea. Nire erasotzaileak hori egin zuen, oso azkarra zelako. Bi alditan engainatu zuen horrela polizia». Horrez gain, ea zer moduz dagoen jakiteko deitzen diote: «Baina nola egongo naiz bada! Hasieran beldurrez hilda, ez nuen etxetik atera nahi. Gero, poliki-poliki hasi nintzen irteten nire lagunei esker». Egun, gutxiagotan deitzen dute, biktimak hala eskatuta, «ez nintzen babestuta sentitzen. Nire familiak eta lagunek babesten naute».
Salaketa eta urruntze aginduarekin aktibatu zituzten babes neurriak
Urruntze agindua, norentzat?
Urruntze aginduak erasotzaileari «beldurra sartzeko» balio duela dio biktimak, baina, dena den, ez dela oso eraginkorra uste du. «Batzuek beteko dute urruntze agindua. Baina hori behin hautsiz gero epailearengana joan daitezkeela edota hiru aldiz urratuta espetxera joan daitezkeela badakitelako da». Hori dela erasotzaile gehienen kasua uste du Iparrak: «Horregatik askori ez zaie asko axola, eta biktimarengana gerturatu eta hil egiten dituzte. Nor zegoen, orduan, bera babesteko?». Errealitate horren aurrean, bat egiten du erasotzaileak gehiago kontrolatzearekin. Oarsoaldean eta Bidasoan zenbat erasotzaile dauden kontrol pean jakin nahi izan du Hitza-k, baina informazio hori ezin dutela eman adierazi du Ertzaintzak. Bide horretan, Irungo Ertzain Etxearen bitartez 226 emakume daude epailearen aginduz babestuta, eta 212 emakume Errenteria-Oreretako Ertzain Etxearen bidez.
Iparrak onartu du biktimarekin lotu daitekeela tratu txarren emailearekin harremana ez haustearena: «Baina nola eska diezaiokezu biktima horri harremana eten dezala manipulatu eta umiliatu badute? Burua nahasia dauka. Eta erasotzaileak nortasuna kendu badio?». Biktimari ezin zaiola hori hasieratik eskatu azaldu du, «babes handiagoa» eskaini behar zaiola iritzi du, eta zerbitzu publikoetatik eman beharreko lehen urratsa argi du: «Indarkeria matxistan aditua den terapeuta eta medikuak eskaini behar zaizkio». Horrez gain, Ertzain Etxeetako biolentzia matxistaren gaineko lantaldeetan emakume gehiago izan daitezela galdegin ditu.
Sendatzea eta babesa
Iparrak Oarso Bidasoko herri batean hasi zuen salaketaren ondorengo bidea, baina EAEko hiriburu batera lekualdatu zen bizitzera handik bi urtetara, eta bertan, beste zerbitzu batzuekin egin zuen topo. «Ez zuten Irungo edo Errenteriako Ertzain Etxeetakoarekin zerikusirik». Terapeuta bat eskaini zioten musu-truk bertan bizitzen izan zen denbora guztirako, «eta polizia nire ondoan sentitzen nuen askoz ere gehiagotan, eta askoz gehiagotan deitzen zidaten», gogoratu du. Bere esanetan, salaketa jarri duten biktima gehienek psikiatrikora joan behar lukete, «eta ez psikologoarengana» salaketa jarri berri duen biktimak «nahasmendu» bat duelakoan. Baina Oarso Bidasoan gizarte laguntzaile bat eskaini zioten, eta solasaldi bat eduki zuen. «Gizarte langile batekin hitz egitea ez da mediku laguntza. Medikuarengana joan behar genuke, nire kasua eta trastornoa eramaten dakienarengana. Trastorno batekin geratzen zarelako. Biktima zara eta hori ez da konpontzen solasaldi batekin». Gipuzkoan, Garaitu zerbitzua aurten jarri dute martxan eta arreta anbulatorio espezializatu eta integraleko baliabide bat da.
Bortxa aplikazioa mugikorrean instalatu zuen aldi berean, hiriburuko ertzainen gomendioz. Biolentzia matxistaren biktimentzako aplikazio bat da, eta Ertzain Etxeetan instalatu daiteke soilik, biktimen telefonoetan. Emakumea arriskuan sentitzen bada, bolumena igotzeko sakelako telefonoko botoiei eman, eta automatikoki Ertzaintzara doan deia hasten da. Pantailan ez da deus agertzen. Ertzainek lokalizazioa jasotzen dute, eta gertatzen ari dena entzun. Azken finean, erregistratzeko baliabide bat da, botoia sakatuta Ertzaintza iritsi arte «itxaron» egin behar baita.
Bortxa aplikazioa «buruarekin erabiltzeko» eskatu zietela azaldu du Iparrak, beldurra benetan sentitzen zuten kasuetarako zela. «Baina esan diezaiokezu hori beldurrarekin bizi den norbaiti? Ez dauka zentzurik. Oso gaizki dago hori esatea, horrelako iruzkinekin konfiantza galtzen duzu poliziarekin».
EAEko bi hiritan, duela lau urte, ez zituen babes zerbitzu berberak topatu
Iparra biktimentzako babes etxeetan ere bizitutakoa da, eta horietan ere gabeziak identifikatu ditu. Hura izan zena inolako babesik gabeko etxea zela du gogoan. «Ez dago langilerik. Tratu txarrak jaso dituzten beste pertsonekin zaude eta kito. Ez dago inolako atezainik, eraikin normal bat da». Babestuta dauden adingabekoen etxeetako babes maila berbera eskatu du, baina biktima horien beharretara egokituta.
Sei urte pasa dira Iparra «trauma gainditzen» hasi zenetik eta, ordutik biktimentzako zerbitzuak aldatzen joan badira ere, hobetzeko helburuz, hiriburuko zerbitzuetara begira jarri da berriro, eta eskari argia egin du: «Bertako zerbitzu eta baliabide guztiak herrietara ekartzea nahi dut». Azkenik, biktimei zuzendu zaie: «Babesten zaituztenekin eta segurtasuna ematen dizutenekin egon zaitez. Beraiek lagunduko dizute zure trauma gainditzen. Ez da erraza, baina aterako zara. Istorio honegatik lagunak galdu nituen, nekatu egin zirelako nik errealitatea ikusi nahi ez izateaz, eta, hala ere, beti hortxe egon direla ohartu naiz. Inork ez dezala zure bizitza gutxietsi»