[Bideoa] Sare morea josi dute, indarkeria matxistari aurre egiteko keinu gisa
Emekiren ekimenez, sare morea josi dute M8 plazan, Egiluze ikastetxeko ikasleekin batera. Bihar, Indarkeria Matxistaren Egunean, egitarauarekin segituko du emakume elkarteak.
Emeki Emakume Elkartea sare morea jostera atera da, gaur goizean, M8 plazara. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari begira antolatu duten ekimenetako bat izan da, azaroaren 24 goizekoa, alegia, eta arratsaldean, Las buenas compañías filma proiektatuko dute Itsas Etxean, 19:00etan.
Egiluze ikastetxeko haurrak joan dira sare morea jostera, eta Emekiko kideekin batera MIkel Markez eta Aire Ahizpen Konplize ditut eta abestia kantatu dute, sarea jostearekin batera. Bihar, egitarauarekin segituko dute.
Bihar bat egingo dute M8 Asanblada Feministak deitutako eskualdeko mobilizazioarekin. Hondarribira 18:00etan iritsiko dira eta mezu bat sartuko dute lekuko batean, ondoren, Irunen, irakurtzeko.
M8 Asanblada Feministak “pornografia eta prostituzioa ere emakumeen aurkako indarkeria eta terrorismo matxista dira” aldarrikatzeko deia egin du.
Hondarribian salaketak, gora, 2022 urtearekin alderatuta
2022tik 2023ra %90,91 igo dira indarkeria matxistagatik jarritako salaketak Hondarribian. Bikote edota bikote ohiek egindako salaketak, iaz, 14 izan ziren, eta 2023an 31 salaketa berri jarri dira. Horrek %121,43ko igoera adierazten du.
Bestetik, askatasun sexualaren kontrako salaketak %200 igo dira. Iaz, bi salaketa jarri ziren herrian, eta aurten sei izan dira egindako salaketak, eta, beraz, %200 hazi da salaketa horien kopurua.
Familia barruko salaketei dagokienez, %16,67 jaitsi dira, iaz sei salaketa jarri baitziren eta aurten bost izan dira salatutakoak.