[Argazkiekin] Irungo eskola publikoak bat indarkeria matxistaren kontra
Irungo sei ikastetxe publikoak elkartu dira Zabaltza plazan gaur eguerdian. Ikastetxe eta herrietan "emakume askeak" izan nahi dutela aldarrikatu dute.
Irungo eskola publikoetako hezkidetza batzordeek bultzaturik, Zabaltza plazan bildu dira ikasle eta irakasleak indarkeria matxistaren kontra daudela ozen oihukatzeko. Ozen, eta hiriko bihotzetik, bertan egin baitute ikastetxe guztien artean adostutako irakurketa eta esku moreen salaketa ekintza.
Gaur bertan izan dira: Toki Alai BHI, Txingudi BHI, Eguzkitza BHI, Hirubide BHI, Plaiaundi institutua eta Pio Baroja institutua. Eskola bakoitzak indarkeria matxista gaitzesten duen pankarta handi bat zabaldu du, eta ondoren Izaro abeslariaren Libre kantua abestu dute.
Azaroak 25 ez dela ospatzeko eguna adierazi dute ikasleek, “ez da jai eguna”. Biharkoa “gizartean bizirik dagoen errealitate latz eta gordina plazaratzeko eguna” da eta “eguneroko lana” dela indarkeria matxistari aurre egitea adierazi dute Irungo ikastetxe publikoek.
Deitoratu egin dute egunero iristen direla “inoiz ezagutu beharko ez genituen egoera triste eta gogorrak”. “Ozen esan dezagun ez dugula horrelako indarkeriarik nahi, ez dugula onartzen”. Emakumeen aurkako “indarkeri sistematikoa” salatu dute jarraian eta gaur elkartzearen arrazoitzat jo dute.
“Beste urte batez” salatzera irten direla gogoratu dute eta, horregatik, “zuri, niri, gizon, emakume, pertsona guztiei ahotsa altxatzea tokatzen zaigu indarkeria matxista gure gizartetik kanporatu arte, uste sendo sakonago batetik: indarkeria matxistarik gabe bizi nahi dugu”.
Kontzientzia sortzean jarri dute arreta: “zuk ere lagundu dezakezu kontzientzia sortzen eta emakumeen aurkako indarkeriari amaiera ematen. Gutako bakoitzaren zeregina da. Gaur eta egunero”. Gizarte justuago baten alde borroka egiteko “feminismoa” dela tresnarik “preziatuena” azaldu dute.
Parekidetasuna “elkarrekin ehuntzen” dela uste dute eta “elkarrekin, elkarri lagunduz, elkarrengandik hurbiltzen, elkar zainduz, elkarrengan sinesten”. Gaineratu dute indarkeriak “aurpegi asko” dituela eta “ezinbestekoa” dela horiek guztiak identifikatzen jakitea, errekonozitzea.
Ikasleek iritzi dute pornografiaren gainean “begirada zorrotza” jarri dela eta “pornografia ere emakumearen aurkako indarkeria” den baieztapenarekin bat egin dute. Baina zehaztu dute arazoa ez dela “sexua ikustea”, indarkeria ikustea baizik.
Eskolatik eta eskolaz hitz egiteko parada probestu dute argitzeko “pornografia indarkeria eskola bat” dela eta “ozen” salatu behar dela. “Kalitatezko sexu heziketak, indarkeriaren aurkako tresna ezinbestekoa da. Gazteok jasotzeko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu”.
Aldarrikapen eta eskaera batzuk egin dituzte, eta honako hauek dira, hitzez hitz:
- Gure ikastetxe eta herrietan emakume askeak izan nahi ditugu: ez dugu ausartak izan nahi, ez dugu ausarta izateko beharrik izan nahi, aske eta berdinak izan, besterik ez dugu nahi. Aske eta berdinak!
- Irmoki arbuiatzen dugu, edozein adina izanda ere, emakumeen aurkako edozein indarkeria ekintzek fisikoa nahiz psikologikoa, sexuala nahiz eguneroko keinu matxistek, emakumeen oinarrizko eskubideak eta askatasunak urratzen dituztela.
- Gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasunak bakarrik eragingo du indarkeria matxista desagertzea.
Era berean, udaletxeko ordezkari publikoei, ikastetxeetako arduradunei, hezkuntza sistemaren eragileei eta elkarte feministei zuzendu zaie eta lau eskaera egin dituzte:
- Gure ikastetxeetan eta gure herrian edozein tokitan eta edozein pertsonarekin gaudela, emakumeok beldurrik izan ez dezagun neurriak har ditzatela.
- Gure ikastetxeetan eta gure herriak irakasleek, segurtasun eragileek, politikoek, eragile sozialek, eta abar luzeek indarkeria matxista identifikatzeko, prebenitzeko eta esku hartzea egiteko formakuntza jaso dezatela.
- Gure ikastetxeetan eta gure herrian indarkeria matxistarekin zero tolerantzia eskatzen dugu, eta horretarako neurriak har ditzatela.
- Gure ikastetxeetan eta gure herrian indarkeria pairatu duten emakume eta hauen senideei babesa, laguntza eta baliabideak eskura jartzea.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete parte hartzaile guztiei, antolaketan aritu direnei, elkarte feministei, Irungo Emakumeen Etxeari, Irungo Udalari, babesa eman dieten guztiei, eredu diren mutil eta emakume guztiei, eta borrokan etengabean aritzen eta arituko diren emakume guztiei.