Abenduaren 2an, Nayade abesbatzak 25. urteurrenari amaiera emango dio
Nayade abesbatzak 25. urteurrenari amaiera emango dio datorren larunbatean, abenduaren 2an, 19:00etan. Irungo Amaia Kultur Etxean eskainiko dute urteurreneko azken kontzertua, eta ez dira bakarrik egongo; koralista ohiek eta beste taldeko kolaboratzaile batzuek ere parte hartuko dute. Une hunkigarria izango da, taldearen ibilbidea islatuko baitute. Kontzertuko sarrera doakoa da. Hala ere, aurretik eskuratu beharko da, eta bihar zabalduko da epea Irungo Informazio eta Turismo Bulegoan, baita haien webgunean ere.
Irungo Udalaren eta Oiasso Kamerata hari-orkestaren laguntzarekin eramango dute aurrera emanaldia. Eta, koralista ohiez gain; Atzokoak, Iruntza eta IGA abesbatzako kideak ere bertan izango dira. Esker oneko agertu dira abesbatzako batzarkideak parte hartzaile guztiekin: “Nayaderen historian eta ibilbidean parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiei eskerrak emateko eta omenaldia egiteko balioko duen kontzertua izango da: Atzokoak, Iruntza eta IGA abesbatzak, zuzendari ohiak, koralista ohiak, laguntzaileak, bazkideak, familia… Guztiek merezi dute eta”.
Emanaldia egun korua osatzen duten 33 ahotsekin eta Alaitz Urkia zuzendariarekin oholtzaratuko da. Haiekin batera, Belen Sierra, pianoan, eta Barkarne Artxukarro kazetaria izango dira. “Ilusio berezia egiten digu, biak koral honekin oso lotuta egon direlako gure historiaren hasieratik”. Emozioa gorantz joango da emanaldian zehar, ohiko koralistak, Atzokoak, IGA eta Iruntzako abesbatzako kideak agertokia eta musika partekatuko dutelako Nayaderekin.