Zaintza hizpide harturik, irrati saio berezia Antxeta irratian
Irungo Emakumeen Etxetik zuzenean arituko dira eskualdeko euskal hedabideak, 11:00etatik 13:00etara.
Antxeta irratiak eta HITZAk irrati saio berezia antolatu dute, azaroaren 30an egingo den greba feminista orokorra hizpide, zaintza erdigunean jarrita. Bidasoan bizi den errealitateari helduta, 11:00etatik 13:00etara Irungo Emakumeen Etxetik zuzenean arituko dira elkarlanean eskualdeko euskal hedabideak.
Saioa hasteko, Argitxu Dufau Iparraldeko LABeko eta mugimendu feministako ordezkaria eta, Irun eta Hondarribiko mugimendu feministako zein greba antolaketarako batzordetik Ainara Lopez elkartuko dira.
Segidan, eskualdeko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkarien txanda izango da, adinekoen egoitzeko langileen egoera zein aldarrikapenak jorratzeko.
Amatasunak ere lekua izango du saio honetan. Horretarako, Kris Markos eta Miren Lanz herritarrak bertaratuko dira. Amatasun ereduez ariko dira, zaintzarekin lotura zuzena duen erlazioaz.
Azkenik, Hego Euskal Herrian bereziki zaintzaren profesioa ezagutzen duten Pat Iturria eta Marling Castilloren txanda izango da. Emakume migranteek egin ohi dute lan sektore honetan.