Bidasoako lanbide-heziketako bi ikastetxe sarituak izan dira
Ekonomia zirkularra bultzatuz, sarituak izan dira Hondarribiko Mendibil prestakuntza zentroa eta Irungo Plaiaundi BHI. zentroa.
Gipuzkoako Lanbide Heziketako bederatzi ikastetxek saria jaso dute ekonomia zirkularra bultzatzeagatik, Hondakinen Prebentzioko Europako Astean. Bederatzi ikastetxe horietatik bi Hondarribiko Mendibil prestakuntza zentroa eta Irungo Plaiaundi BHI. zentroa izan dira; besteak beste Azkoitiko, Oñatiko, Zarauzko, Donostiako, Hernaniko, Mutrikuko eta Elgoibarko zentroekin batera.
Ikasle hauek birziklatutako materialekin eskultura berritzaileak sortu dituzte. Era honetan, praktika jasangarriak eta zirkularrak sustatu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatutako iniziatiba da, Gipuzkoako gazteek ekonomia zirkularraren filosofia zabaldu eta haien sormena eta ingurumen-konpromisoa nabarmentzeko. Aurten iniziatiba honen, ‘Ekonomia Zirkularra Modelatuz’ erakusketaren, bosgarren edizioa izan da. Erakusketa Donostiako Okendo plazan dagoen ‘GK Recycling’ karpan dago ikusgai.
Jose Ignacio Asensiok, Jasangarritasun diputatuak, iniziatibaren inguruan ekonomia zirkularraren kontzeptua gazteei hurbiltzeko nahia adierazi du: “oso garrantzitsua da ekonomia zirkularraren ikuspegia gure gazteen hezkuntzan txertatzea, lurraldearen etorkizuneko talentua jasangarritasun-politikoetan prestatzeko, aurrean ditugun ingurumen-erronkekiko kontzientzia eta sentsibilizazioa sortuz”. Jasangarritasun Departamentutik hondakinak murrizteko eta hondakin horiek lehengai gisa erabiliko duten sektore ekonomiko berri bat sustatzeko bide bat aurkeztea dute helburu. Egun, tokiko garapen ekonomikorako, 1.425 milioi euroko fakturazioarekin BPGri ekarpen nabarmena egiteaz gain, 6.500 lanpostu sortzen ditu Gipuzkoan. Eta, Gipuzkoako ekonomian 650 milioi eurotik gorako eragin zuzena du.