Adingabekoen aurkako indarkeria matxistan jarri du fokua udalak
Udalak adierazpen instituzionala argitaratu du Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira. Hizpide izan dute adingabekoen kontrako indarkeria matxista salaketen igoera.
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da larunbata eta Irungo Udalak adierazpen instituzional batean adierazi du arreta jarri dutela “sexu indarkeriak adingabeen artean duen gero eta intzidentzia handiagoan”. Pertsona hauekiko indarkeria “ikusezinen eta normalizatuenetako bat” dela dio udalak eta urtetik urtera gora egiten duela baieztatu.
Hainbat datu eman dituzte eta orokorrera jota, sexu delituen biktimen %40 adingabeak dira eta horietatik gehiengoa neskak. Salaketek gora egin dute eta laguntza espezializatua eskuratzeko eskaerek ere. Dena den, bada beste arazo bat nesken artean eta zailtasunari dagokio: “neskek zailtasun handiak dituzte beren portaeran indarkeria adierazpen jakin batzuk antzemateko; bai kideen artean, bai beren harreman afektiboetan”.
Mugimendu feministak hainbat arrazoi eman dituela zailtasun horiek ulertzeko azaldu du udalak: “genero ikuspegia kontuan hartzen duen kalitateko sexu heziketarik ez izatea eta familiartean eta eskolan balio sozial egokiak ez transmititzea; adingabeen artean generoaren inguruko mito eta estereotipoak zabaltzea; haurrak sexualizatzea eta, pornografiaren bidez, pertsonak gero eta lehenago sartzea sexuaren munduan, adingabeek kontsumitu ohi dituzten sare sozialetan bereziki; eta, askotan, biktimei sinesgarritasunik ez ematea eta, horren ondorioz, adingabeen kontrako sexu abusu eta erasoak gertatzen direnean goiz eta biktimak erreparatzeko asmoz ez esku hartzea”.
Arrazoi horien ondorioz, harreman afektibo sexualen eta gizon eta emakumeek harreman horietan duten rolaren iruditeria “desitxuratu bat” zabaldu dela diote. Sexu indarkeria emakumeen “nahiak eta gorputzak mederatzeko” erabiltzea “banalizatu eta legitimatu” dela adierazi dute. Izebergari begiratuta, portaerarik larrienetatik eraso sexual eta fisikoak gerta daitezke, eta kasurik muturrenekoetan emakumeen hilketak.
Indarkeria matxistari aurre egiteko EAEko instituzioek “eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak” sustatu behar dituztela dio udalak, “emakumeek eta neskek beren bizitza askatasun eta segurtasun baldintzetan garatu ahal izan dezaten”. Helburua litzateke haien “desio, afektu eta portaera sexualak bortxa eta indarkeriarik gabe adierazi ahal izan ditzaten, genero estereotipo eta aginduak alde batera utzita”.
Udalek, bestalde, udalerrietan berdintasunean eta indarkeriarik gabe bizitzeko baldintzak sustatzeko ardura dute, eta bide horretatik, udalak konpromiso batzuk hartu ditu. Honako hauek dira hitzez hitz:
- Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia hobetu eta sendotzea, adingabeen artean sexu indarkeriari aurre egiteko egitura, baliabide, zerbitzu eta programak ezarriz.
- Biktima adingabeen artean gertatzen diren sexu indarkerien detekzioa eta arreta goiztiarra hobetzea, tokiko koordinazio protokoloen bidez.
- Sexu indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalak prestatzeko programak diseinatu, ezarri eta ebaluatzea.
- Herritarrak eta, bereziki, guraso eta irakasleak (guraso elkarteak) genero ikuspegia kontuan hartzen duen kalitateko sexu heziketaren premiaren inguruan sentsibilizatzeko programak garatzen jarraitzea.
- Hezkuntza ez formaleko espazioen bidez adingabeen artean indarkeria matxistaren aurkako jarrerak sustatzeko hezkuntza prozesuak garatzen laguntzea.
Konpromiso horietan oinarrituz, honako jarduera batzuk proposatu ditu udalak:
- Neskak sexualitate gaietan, bikote harremanetan, maitasun erromantikoan… ahalduntzeko programak sendotzea, autodefentsa feministako tailerrak barne.
- Mutilekin afektibitatea, harreman ereduak, gizontasun ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak eta parekidetasuna lantzeko jarduerak abian jartzea.
- Indarkeria digitalari aurrea hartzeko eta erantzuteko estrategiak prestatzea, indarkeria matxista mota berrien kontra ere borrokatzeko.
- Udalerriko adingabeak hezteko prozesuak sendotzea, Beldur barik programaren eta hezkuntza mahaiaren bidez.
Azkenik, udalak dei egin du hirian azaroaren 25a kari egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.