Mozio bat aurkeztu du EAJk "zaintza eredu berriaren" alde
Zaintza eredu "sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario" baten alde egin dute jeltzaleek. Akordioetarako jarrera "irekia" dutela diote.
Mozio bat aurkeztu du ostiral honetako osoko bilkurarako EAJk, “zaintza eredu berriaren ardatzak finkatzen” dituena. Zaintza eredua “sendoa, eraldatzailea, feminista eta komunitario” baten alde daude jeltzaleak, “adostasunak eta akordio zabalak lortzeko gai izango dena; zaintzaren inguruko herri itun berri bat lortzera eramango gaituzten zutabeak”.
Irundarrak “eragile konprometituak” behar dutela izan “zaintza ereduaren eraldaketa” uste du Xabier Iridoi bozeramaileak. Bide horretan, akordioak lortzeko jarrera “irekia” duela EAJk azaldu du eta “benetako lankidetzaren” alde agertu dira. “Gai hau funtsezkoa da ados jartzeko, Euskadik, Gipuzkoak eta Irunek aurrera egiten jarrai dezaten”.
Osasun sistemaren eta euskal gizarte zerbitzuen kalitatea eta sendotasuna “funtsezkoak” izan direla Covid-19aren pandemiaren aurkako borrokan adierazi du irioik: “eta, orain, itun sozial eta politiko berri bat adosteko garaia da, gure zaintza eredua lidergo eta erantzukizun publikoan oinarrituta eraldatzen jarraitzeko, sektorearekin, eragile nagusiekin eta inplikatutako gizarte erakundeekin lankidetzan”.
Jauzi berri bat egin behar dela diote eta horretarako “beharrezko tresnak” dituztela diote. Herri itun handi batera iristeko eskua luzatu dute jeltzaleek, “gure gizartea zaintza eredu unibertsal, pertsonalizatu eta kalitatezko baterantz gidatuko duen akordio zabal batera iristeko”.
Ostiral honetako mozioan “eraldaketa-ardatz” batzuk eta zainketa eredu berriaren oinarri diren printzipioak proposatu dituzte. Honako hauek dira, hitzez hitz:
1. Pertsona, zainketa-eredu berriaren ardatza. Arreta pertsonalizatua, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubide subjektiboa bermatzea.
2. Zainketen profesionalizazioa. Zaintza-modu formal eta informaletan diharduten langileen lan-baldintzak sendotzea eta hobetzea, elkarrizketa sozialaren bidez eta laguntza-sistema indartuz.
3. Etxeko zaintza lehenesten duen sistema. Adineko hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dute. Horregatik, etxeko zainketak hobetzea eta berrikuntza txertatzea beharrezkoa da, zaintza profesionalizatuz, familia-zaintzaileari lagunduz eta komunitatearen parte-hartzea indartuz.
4. Sistema inklusiboa eta berdinzalea. Zaintzaren ardura emakumeek izan dute historikoki eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu desberdintasun-egoera hori konpontzeko neurriak hartzea feminismo konprometitu eta berdinzale batetik, baita arraza edo jatorri etnikoarekin lotutako diskriminazioekin amaitzeko ere, lanerako segregazioa eta desberdintasun sozialak murriztuz.
5. Koordinazio soziosanitarioa areagotzea. Gizarte eta osasun sistemen arteko lankidetza handiagoa eta hobea izan behar da, erabiltzaileek arreta integrala jaso dezaten euskal administrazioaren aldetik, mendekotasuna, dibertsitate funtzionala, gaixotasun mentalen bat edota gizarte bazterkeriako egoeraren bat izan.
6. Komunitatea indartzea. Giza garapen iraunkorrerako gune gisa komunitate-loturak indartzea, gizarte-kohesioa eta zaintzarekin konprometitutako erakunde, elkarte eta pertsonen parte-hartzea areagotuz.
7. Zainketen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea. Eraginkorragoak izanda kudeaketa hobetzea, horretarako baliabide ekonomiko berriak aztertuz eta egungo zainketa-ereduaren bideragarritasuna eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duten neurri fiskal berriak hartuz, belaunaldien arteko konpromiso berrituarekin.
8. Zainketen elkarlaneko gobernantza. Zaintza publiko eta komunitarioko eredu bidezkoago, berdintasunezkoago eta erantzunkideago baten alde egiteak berekin dakar elkarlaneko gobernantzako mekanismo berriak antolatzea: publiko-pribatua, publiko-publikoa, publiko-komunitarioa.