Elena Mendizabalen bi obra, Menchu Gal aretoan
Azaroaren 24tik otsailaren 18ra bitarte egongo dira ikusgai Menchu Gal aretoan. Bi obra dira 'Lege propioa' izenburu pean aurkeztutakoak.
Azaroaren 24tik otsailaren 18ra bitarte bisitatu ahalko dira Menchu Gal aretoan Elena Mendizabal artistaren bi obra. Lege propioa izenburua du lanak eta bere azken obretako bik osatzen dute: Lurrean, hondakinak bezala eta Lau ahotsetako elkarrizketa.
Nuria Altzaga Kultura ordezkaria gaurko aurkezpenean izan da eta erakusketa aretoaren denboraldi honen laburpena egin du: “Denboraldia Aurora Bengoetxearekin ireki genuen, udan Menchu Gal bere protagonista bihurtu zen, eta orain Elena Mendizabalen erakusketa bat inauguratu dugu. Emakume hori arte kontzeptualaren ordezkaria da, eta asmo adierazpen oso bat egiten du erakusketaren izenburuarekin: lege propioa, bere sormen lana aldarrikatzeko.
Bi obra
Lurrean, hondakinak bezala eta Lau ahotsetako elkarrizketa izena dute bi obrek eta aretoaren espazioetara egokitu dituzte. Areto handienean, Lurrean, hondakinak bezala kokatu dute eta atzean figurak daude, askotariko eskulturak direnak.
Bestalde, Lau ahotsetako elkarrizketa obrak bi zati ditu, soinua ematen duen parte bat eta altzari batzuk, ikusleei entzuteko esertzeko edo etzateko gonbita egiten dietenak. Audioan Mendizabalek berak idatzitako testu baten interpretazioa ditzen da, lau artista historikoren arteko fikziozko elkarrizketa bat irudikatzen duena: Louise Bourgeois, Lygia Clark, Barbara Hepworth eta Leonora Carrington.