EAJk hiru negoziazio ardatz ezarri ditu 2024ko aurrekontuetarako
Segurtasuna, kirol instalazioak eta osasuna, eta aparkalekuak dira EAJren negoziaziorako hiru ardatz nagusiak.
Udal aurrekontua “gabezia nabarmenak” dituen proposamena dela uste du EAJk. Aurrekontu proiektuak urteetan zehar izan dituen beharrei erantzuteko neurriak kontutan hartu behar dituela uste dute, bai eta gaur egungoei eta etorkizunekoei ere. Bide horretan, negoziaketarako prest agertu dira eta haien hiru ardatz nagusiak zeintzuk izango diren azaldu dute.
Hiru ardatzak “Irungo herritarrekin, hiriko eragileekin eta adituekin batera” landu dituztela azaldu dute eta “hiri proiektu baten parte” direla ziur dira. Horrez gain, proposamen horiek hauteskunde programan jaso dituztela oroitu dute. “horregatik, gure plantemendua azaldu eta publiko egin nahi dugu, irundarrenganako gardentasun ariketa gisa”.
Hiru ardatz horiek segurtasuna, kirol instalazioak eta osasuna, eta aparkalekuak dira. Jeltzaleen hitzetan hiru ardatz horiek “hiri eredu handinahiagoa” jasotzen dute, “irundarren bizi kalitatea hobetzearen alde egiten duena”. Udal aurrekontuetan horiek jasota ez daudela deitoratu dute.
Etorkizunari “ilusioz” begiratzen diotela adierazi du EAJk eta “benetako jarrera” erakutsi nahi dutela diote, “desberdinekin adosteko, bai gobernuarekin, baita oposizioko taldeekin ere. Gure ardura da irundarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea”.
Hona hemen, hitzez hitz, EAJren hiru ardatzak:
- Segurtasuna. Udaltzaingoko agenteen kopurua handitzea. Horretarako, polizia plantillaren urte anitzeko plan bat eskatzen dugu. Plan horretan, biztanle bakoitzeko polizia ratioa areagotu beharko da, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko eta era berean, langile berrien inkorporazioa egutegiratu beharko da.
EAJ-PNVtik uste dugu, Irunen gutxieneko bizi kalitatea bermatzeko, elkarbizitza eta segurtasuna oinarrizko eskubideak direla eta baita ezinbesteko baldintza ere. Baina era berean, jakin badakigu segurtasuna eta bizikidetza ez direla soilik poliziaren ardura, uste dugu, gainera, Irunen benetako zeharkako politikak behar ditugula, egoerei heldu eta zerbitzu publiko desberdinen jarduketa integrala antolatzeko. - Kirol instalazioak eta osasuna. Irun une erabakigarrian dago kirol-instalazioei dagokienez. EAJ-PNVtik uste dugu ezinbestekoa dela bai goi mailako kirolari bai oinarrizko kirolari erantzun bat eman ahal izatea. Horregatik, Udal Gobernuari eskatzen diogu Kirol Instalazioen Plan bat aurkez dezala hurrengo Aurrekontuen Osoko Bilkura baino lehen, abenduaren 22rako aurreikusita baitago. Planak barne hartu beharko ditu gobernuak datozen urteetarako aurreikusten dituen kirol-instalazio nagusiak, gauzatze-epeekin eta instalazio bakoitzaren aurrekontuarekin.
- Aparkalekuak. Irunerako lurpeko aparkalekuen plan bat eskatzen dugu, gutxienez Eguzkitzako bigarren hezkuntzako ikastetxeko patioaren azpiko lurpeko aparkalekua eta Junkal plazatxoaren azpiko bigarren aparkaleku bat barne hartuko dituena. Gainera, Udal Gobernuak konpromiso sendoa hartu behar du ADIFekin negoziatzeko, geltoki intermodal berrian lurpean aparkaleku bat eraiki dezan, eta aurreikusita dituzten plaza kopurua nabarmen handituz. Honek, gainera, San Migel auzoko aparkaleku arazoa konpontzen laguntzeko balioko du.