Bidasoko I. Maratoi Erdia + 10k lasterketa aurkeztu dute
Irungo Maratoi Erdia + 10k lasterketaren lekukoa hartuko du proba berriak datorren urtetik aurrera. 2024ko otsailaren 25ean lehiatuko da, Irunen eta Hondarribian. Izen-emateak gaur ireki dituzte.
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) antolatzen duen Irungo Maratoi Erdia + 10k lasterketa berritasunekin egingo da datorren urteko otsailaren 25ean. Aipatutako probaren seigarren ekitaldia egin beharrean, BATek Bidasoko I. Maratoi Erdia + 10k lasterketa antolatuko du 2024an. Irungo proba, hortaz, Bidasokoa bihurtuko da, Hondarribian ere arituko baitira lasterkariak.
Irungo Maratoi Erdia + 10k lasterketak bosgarren ekitaldia bete du aurten, otsailaren 26an lehiatu zen Irungo kaleetan barrena. Hala ere, ez du seigarren ekitaldirik izango, eta Ibon Muñoz BATeko kudeatzaile eta kirol zuzendariak lasterketa transformatzeko arrazoiak plazaratu ditu: “Klubean denbora generamatzan Irungo probaren inguruko hausnarketa egiten. Irunen ibilbide lau eta erakargarri bat egitea zaila da. Hori dela eta, Irungo eta Hondarribiko Udalekin kontaktuan jarri ginen bi herriak lotuko dituen ibilbide bat sortzeko, osotasunean laua izango dena”.
Bidasoko bi herrien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta poliziaren arteko akordioari esker, Bidasoak ibilbide “erakargarri” bat izango duela adierazi du Muñozek.
Aro berriko lehen lasterketa 2024ko otsailaren 25ean egingo da. Probaren hasiera eta bukaera Irunen izango dira. Lasterkariak Kolon hiribidetik irtengo dira 09:50ean, eta Urdanibia plazan bukatuko dute ibilbidea. 10k-koak dira 09:50ean hasiko direnak. Maratoi erdikoek, aldiz, 10:00etan ekingo diote ibilbide berriari. Zirkuitu homologatua izango dela jakinarazi du Muñozek, eta lasterkariek lortutako markak ofizialak izango dira.
Izen-emateak, irekita
Bidasoko I. Maratoi Erdia + 10k lasterketarako hiru hilabete geratzen badira ere, izen-emateak gaur ireki ditu BATek. Inskripzioak BATek lasterketara begira sortutako webgunean egin behar dira. Klubak, gainera, promozio bereziekin ireki ditu izen-emateak.
Alde batetik, lasterketetara apuntatzen diren lehen ehun parte hartzaileek deskontua izango dute: 10k-ko lasterkari horiek 15 euro ordainduko dituzte, eta maratoi erdikoek, 20 euro.
Bestalde lasterkari “leialenei” begirako promozio bat abiatu dute. Irungo Maratoi Erdiko edizio guztiak edo lehiatu diren bostetatik lautan parte hartu dutenek, %50eko deskontua izango dute izen-ematean.
Azkenik, hirugarren promozioa probaren babesle batetik dator: Deportes Gonzalez dendaren eskutik. Babesle tekniko bezala arituko da proba berrian, eta hauxe da abiatu duen promozioa: lasterka aritzeko 99 euro baino gehiago balio duten zapatilak denda horretan erosten dituzten parte hartzaileek, inskripzioa doan izango dute.
Xehetasun gehiago
Bidasoko I. Maratoi Erdia + 10k lasterketak sariak banatuko dizkie eskudirutan lehen hiru postuetan sailkatzen diren lasterkariei. Horrez gain, 01:05:00 denboratik jaisten duten gizonek eta 01:16:00tik jaisten duten emakumeek ere sariak lortuko dituzte. Deportes Gonzalezek ere bere dendan gastatzeko erosketa bonuak banatuko dizkie saridunei.
Ohikoa den bezala, lasterkariek erbiak izango dituzte bidelagun. Ordu eta hogei minututik bi ordura arteko erbiek hartuko dute parte.
Ibilbidean zehar, bost anoa gune jarriko dituzte antolatzaileek. Dutxa eta kontsigna zerbitzua ere jarriko du BATek lasterkarien eskura. Gune hori Uranzu pilotalekuan kokatuko dute, Urdanibia plazako helmugaren ondoan.