Autoestimua lantzen, 'Ama-das' dokumentalarekin
Dokumentalaren zuzendaria, Marga Gutierrez bertan izango da. Baita ere Emma Larreta, hilketa matxista baten biktima izateko zorian egondakoa. Ekitaldia Txingudiko Elkarte Feministak antolatu du.
Txingudiko Elkarte Feminista Elkarteak proiekzio saio bat antolatu du biharko, azaroak 23, Amaia KZko hitzaldi aretoan, 19:00etan. Ekitaldi honetarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du elkarteak.
Dokumentala ahaluntze tailer batetik ikasitakotik abiatuko da. Tailer horretan Idoiak, Pilik eta Emmak beraien autoestimua eta bizitzari aurre egiteko tresnak landuko dituzte. Haien beldur, zalantza eta kezken atzean, ohartuko dira badagoela batzen dituen zerbait sakonagoa dena: “modu askotako indarkeria. Eta haien bizitzan beti dagoen galdera bat… inoiz sentituko dira maitatuak?”
Proiekzioan dokumentalaren zuzendaria izango da, Marga Gutierrez. Horrez gain, dokumentalean ageri den Emma Larreta ere bertan izango da. Larreta hilketa matxista baten biktima izateko zorian izan zen, bere erasotzaileak 27 sastakada eman ondoren. Bizirik atera zen eta bere historiatik abiatuta hitza hartuko du iruindarrak.